Azkena Rock 2020 jaialdia sofatik

Azkena Rock 2020 jaialdia sofatik Aurten Azkena Rock Festival jaialdiaren online edizioa antolatuko da eta, 10 ordutik gorako rockaren inguruko edukiesklusiboak ikusi ahal izango dira. Edizio berezi hau ekainaren 19an eta 20an izango da, jaialdiaren webgunean eta Youtuben. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azkena-rock-2020-jaialdia-sofatik/@@download/image/ARF-SOFA-EDITION_1200x675.jpg
2020/06/15

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei


Aurten Azkena Rock Festival jaialdiaren online edizioa antolatuko da eta, 10 ordutik gorako rockaren inguruko edukiesklusiboak ikusi ahal izango dira. Edizio berezi hau ekainaren 19an eta 20an izango da, jaialdiaren webgunean eta Youtuben.
Azkena Rock 2020 jaialdia sofatik

Jaialdiak duela hainbat aste iragarri zuen Mendizabalako ateak ez zirela 2021. urtera arte zabalduko, baina pandemia bat ere ez da izango rock’n’rolla eta Azkenazaleen musikaz gozatzeko gogoa geldiarazteko gai. Horregatik, honako iragarpen hau egin zuen ostiralean antolakuntzak: jaialdia aurreikusita zegoen egun beretan, ARF jaialdiak beste ate batzuk zabaltzea, oraingoan, birtualak.

Izan ere, Azkena Rock jaialdia 18 urte hauetan rockaren babesleku izan da, ikusi besterik ez dago bi hamarkada hauetan bertan jotako taldeen zerrenda luzea. Horietako kontzertu asko ikus-entzunezko moduan artxibatuak izan dira eta ez dira inoiz zabaldu. Bada orain, Azkenazaleek aukera izango dute. Honela, ARF jaialdiaren historian izan diren emanaldirik onenak eskainiko dira. Kontzertuekin batera jaialdiko bitxikeriak eta kontagizunak ere eskainiko dira, eta bertan urte hauetan zehar bertatik pasa diren artista, ikus-entzule, kazetari eta laguntzaileak azalduko dira:  Iggy Pop & the Stooges, Gluecifer, Wilco, Blondie, Juliette & The Licks eta abar, inoiz igorri gabeko 25 emanaldi osatu arte. Hori gutxi balitz, ARF Sofa Edition jaialdirako berariaz grabatutako kontzertu esklusiboak ere izango dira; eta datozen egunetan iragarriko dira zein izango diren. Programazioa osatzeko, Rockanrollers filma ere ikusgai izango da, Juanma Bajo Ulloa zuzendariak ARF jaialdiari buruz egindako filma hain justu, baina baita ezusteko gehiago ere; laster emango da horren guztiaren berri. Hau guztia gutxi balitz, bi egun horietan zehar 2021eko edizioko artisten zerrenda zuzenean iragarriko da.  

2021ean Azkena Rock Festival jaialdia Gasteizera itzuliko da.
ARF jaialdiaren online edizio berezi honen bitartez, jaialdiko antolatzaileek eta babesleek esker ona adierazi nahi diete ikus-entzuleei, azken hilabeteetan emandako babesarengatik, eta 2021. urtean Mendizabalan berriz elkar ikusteko giroa berotzen hastea ere lortu nahi dute. 2020ko ediziorako iragarritako artisten zerrendak harrera oso ona izan zuela kontuan izanik, ia artista guztiek zapalduko dituzte jaialdiko agertokiak datorren urtean: Black Mountain, Brian Wilson, Fu Manchu, L7, Liher, Lysistrata, Patti Smith, Reverend Horton Heat, Robyn Hitchcock, Shooter Jennings, Social Distortion, Suzi Quatro, The Faithless, Wicked Wizzard. Antolatzaileak lanean ari dira gainerako artistak ere baieztatu ahal izateko. Eta horiei guztiei izen mitiko bat gehitu zaie: Iggy Pop. 2021eko ediziorako sarrerak ekainaren 19an jarriko dira salgai, ARF ‘Sofa Edition’ jaialdian.