Azaroaren 30etik abenduaren 22ra zirku ikastaroak Bilbon

Azaroaren 30etik abenduaren 22ra zirku ikastaroak Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azaroaren-30etik-abenduaren-22ra-zirku-ikastaroak-bilbon/@@download/image/zirkoaurre_1385540410.jpg
2013/11/27
berria
Azaroaren 30etik abenduaren 22ra zirku ikastaroak Bilbon
Zirkuko hainbat diziplina probatu eta berauek lantzeko aukera izango da datozen asteetan Bilbon, Zirkozaurre Bilboko Zirku Arteen gunean. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, sorkuntza lantegiak eskainiko dituzte Haztegiak proiektuaren baitan.


Bilbo sorleku eta egoitza duten The Funes Troupe, Maite Guevara eta Circo El Sainete antzerki konpainiak arduratuko dira aurten Zirkozaurreren Haztegia proiektua garatu eta beronen baitako ikastaroak eskaintzeaz. Jarduerak azaroaren 30ean, larunbata, hasiko dituzte Antonio Vargasek eskainiko duen eskuen gaineko orekari buruzko ikastaroarekin, eta abenduaren 22ra bitarte, dantza, malabareak, akrobaziak eta beste hainbat diziplina lantzeko aukera izango da Zirkozaurreren gunean.

Ikastaroetan parte hartzeko izen-emate fitxa bete eta zirkozaurre@gmail.com helbidera bidali behar da, eta 30 euroko kostua du matrikula bakoitzak.

Aukera zabala
Lehen ikastaroa larunbat honetan hasiko da, azaroak 30, eta igandera arte iraungo du. Larunbatean 13:00-15:00 eta 16:30-20:30 bitarte egingo dituzte saioak, eta igandean 10:00-13:00 eta 15:00-18:00 bitarte. Eskuen gaineko oreka lantzeko aukera bikaina izango da, eta noski, arropa erosoa eramatea ezinbestekoa izango da.

Abenduaren 4tik 6ra, aldiz, dantza ikastaroa eskainiko du Guillermo Weickert artistak, orotara 12 orduko tailerra izango da. Eta abenduaren 7 eta 8an malabare ikastaroa egingo dute Jose Luis Ruiz ‘Belga’ren eskutik, goiz eta arratsaldez.

Abenduaren 9tik 15era, astelehenetik igandera, akrobazia lantzeko aukera izango da Fet a mà konpainiarekin. Aste tartez arratsaldetan egingo dituzte saioak, eta larunbat nahiz igandean goiz eta arratsaldez. Azkenik, hilaren 20an, ostirala, ‘Eszenaren ikuspuntuak’ izeneko workshopa eskainiko du Kabia Teatroak.

Parte hartu nahi izanez gero, ibili bizkor!