Azaroaren 29an egingo dute Festiclown Palestina ekitaldia

Azaroaren 29an egingo dute Festiclown Palestina ekitaldia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azaroaren-29an-egingo-dute-festiclown-palestina-ekitaldia/@@download/image/festiclown_1385110494.jpg
2013/11/22
berria
Azaroaren 29an egingo dute Festiclown Palestina ekitaldia
Palestinarrek bizi duten egoera ezagutarazteko eta haiekiko atxikimendua erakusteko asmoz, Festiclown Palestina gala solidarioa egingo dute datorren ostiralean, azaroak 29, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etatik aurrera, Pallasos en Rebeldia eta Donostiako Udaleko Lankidetza Atalaren ekimenez.


Jabier Muguruza, Santi Ugalde, Virginia Imaz, Pablo Muñoz, Kanbahiota Trup eta Maider Yabar artistak izango dira Festiclown Palestina ekitaldiko gonbidatuak. Eszenatoki gainetik, ikusleak barre algaraka jartzen saiatuko dira, beti ere, Palestinak bizi duen egoerarekiko kontzientzia eta bertako herritarrekiko atxikimendua pizteko helburuarekin. Izan ere, herritarren parte hartzetik abiatutako proiektua da Festiclown, eta orain arte Galizian, Mexikon eta Palestinan egin dituzte gala solidarioak; berauetan ehundik gora artistek hartu dute parte, tartean Leo Bassi, Jango Edwards, Pepe Viyuela, Claire, Faemino eta Carlo Colombaioni artistek.

Donostiako ekitaldiak Palestinan datorren urtean egingo duten II. Festiclown galarako dirua biltzea izango du helburu, eta horretarako, ikus-entzuleek sarrerengantik ordainduko dituzten 10 euroak bertara bideratuko dituzte. Hain zuzen, sarrerak Kutxabanken edota Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan erosi daitezke.

Gala iluntzeko 20:00etan hasiko da, eta Porrotx Pailazoaren gidaritzapean, artista ezberdinek beren ikuskizunak eskainiko dituzte. Bertan izango da, baita ere, Ivan Prado, Festiclown egitasmoaren zuzendaria eta Pallasos en Rebeldia elkartearen bozeramalea.

Zuk ere bertan izan nahi baduzu, ibili bizkor eta lortu zure sarrera guztiak agortu aurretik!