Azaroaren 17ra bitarte, euskal antzerkia ikusgai Azpeitian

Azaroaren 17ra bitarte, euskal antzerkia ikusgai Azpeitian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azaroaren-17ra-bitarte-euskal-antzerkia-ikusgai-azpeitian/@@download/image/azpeitiko_antze_1383725277.jpg
2013/11/06
berria
Urriaren 31n abiatu ziren Azpeitiko XXXI. Euskal Antzerki Topaketak, eta hilaren 17ra bitarte dozenatik gora emanaldi eskainiko dituzte Soreasu antzokian eta herriko gaztetxean. Sarrerak bost eurotan eskuratu ahal izango dira emanaldi bakoitzaren aurretik.


Goi mailako antzezlanak, talde amateurrak eta obra alternatiboak bilduko ditu aurten Azpeitiko XXXI. Euskal Antzerki Topaketak. Iragan ostiralean abiatu ziren, eta azaroaren 17ra bitarte dozenatik gora obra taularatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, eskaintza zabala eta kalitatezkoa biltzea izan da, beste urte batez, beren helburua.

Hala, iragan larunbatean Hamlet obra estreinatu zuten Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean. Shakespearen obra ospetsua egokitu eta euskaratu dute, eta Euskal Herriko hainbat aretotan antzeztuko dute lana datozen hilabeteetan. Asteburu honetan, esaterako, Donostian izango dira. Halaber, larunbat honetan, azaroak 9, Traganarru obra estreinatuko du Bada Teatroak iluntzeko 21:30ean Soreasun bertan. "Umorea, surrealismoa, absurdoa eta bizitasuna biltzen dituen" lana dela zehaztu du Urki Muguruza zuzendariak.

Eta gainera
Baina estreinaldietatik haratago, ibilbide luzexeagoa duten euskal obrak ere ikusi ahalko dira, hala nola, Hika Teatroaren Hitzak. Besterik ez., Txalo Produkzioak-en Hiru, edota Azpeitiko Emakume Tailerrak sortutako Dena berriz bueltatzen da.

Baina gazte eta haurrentzako antzerkiak ere izango du tartea, eskaintza zabala borobilduz. Beraz, Azpeitiko antzerkizaleek eta horren antzerkizale ez direnek, nahiz inguruko herri eta hirietako lagunek, aitzakia polita dute udazken honetan euskal ekoizpen indartsuei neurria hartu eta antzerkiaz gozatzeko.