Azaroaren 16an egingo dute Oñatiko IV. Laburmetraien Rallya

Azaroaren 16an egingo dute Oñatiko IV. Laburmetraien Rallya https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azaroaren-16an-egingo-dute-onatiko-iv-laburmetraien-rallya/@@download/image/onatiko_laburme_1383813003.jpg
2013/11/07
berria
Azaroaren 16an egingo dute Oñatiko IV. Laburmetraien Rallya
Oñatiko herria plato erraldoi bilakatuko da laugarren urtez azaroaren 16an, larunbata. Parte hartzaileek goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak bitarteko epea izango dute 1 eta 3 minutu arteko bideotxo bat grabatu, muntatu eta aurkezteko. Animatu!


Euskara eta filma uztartzeko asmoz abiatu zuten Oñatiko Laburmetraien Rallya 2010ean, eta azken hiru edizioetan lan interesgarri eta txukunak aurkeztu dituzte dozenaka parte hartzaileek. Funtsean, 11 orduko epean 1 eta 3 minutu arteko bideo bat egitea da helburua, goizean bertan antolatzaileek emandako argibideak jarraiki. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan egiten duten ekitaldi irekian lanak aurkeztu, eta epaimahaiak batetik eta ikusleek bestetik emandako botoen bidez, bideorik onenak saritzen dituzte.

Aurtengoan, beraz, laugarren edizioa egingo dute. Azaroaren 16a aukeratu dute horretarako, larunbata, eta parte hartu nahi izanez gero, hilaren 15a baino lehen hemen aurkituko duzuen izen-emate orria bete eta olr.antolakuntza@gmail.com helbidera bidali beharko duzue. Gehienez ere 20 talde onartuko dituzte, beraz, bizkor ibiltzea komeni da. Hori bai, berantiarrek ere parte hartzeko azken aukera izango dute egunean bertan, goizeko 8:00etan, aurkezpen ekitaldian izena emanez gero.

Une horretan bertan, hain zuzen, emango dizkiete parte hartzaileei bideoa egiteko beharrezko argibideak, baita derrigorrez erabili beharko duten objektua ere, eta hortik aurrera, arratsaldeko 19:00ak arteko epea izango dute beren lanak prestatzeko.

Sari-banaketa
Ondoren, 19:30etik 20:30era, parte hartzaile eta ekitaldira hurbiltzen diren ikusleentzako luntxa eskainiko dute Santa Ana Antzokian, eta segidan lan guztiak proiektatuko dituzte. 23:00etan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Hain zuzen, epaimahaiak banatutako lehen saria 300 eurokoa izango da, 150 eurokoa bigarrena, eta 100 eurokoa hirugarrena. Eta ikusleek ere beren saria emango dute.