‘Azalera’ lelopean, Bertso Eguna Donostian

‘Azalera’ lelopean, Bertso Eguna Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azalera-lelopean-bertso-eguna-donostian/@@download/image/azal_era_1390477389.jpg
2014/01/23
berria
Larunbat honetan Donostian egingo den Bertso Egunak generoa izango du gai nagusitzat, eta orotara 55 bertsolarik eta beste bederatzi kultur eragilek hartuko dute parte ekitaldi nagusian. Goizean hasi eta afalostera arte, hainbat saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak, eta berauetarako sarrerak salgai dira oraindik.


Aurtengo Bertso Egunak generoa izango du mintzagai, eta umorea eta gogoeta ez ditu faltako. Halaxe adierazi dute antolatzaileek, ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoan. Formatu ezberdineko hainbat ekintza barneratuko ditu egitarauak, hala nola, bertso-poteoa, bertso ekitaldia eta bertso afari ganberroa.

Ekimena larunbat honetan izango da, urtarrilak 25, eta goizeko 12:00etan Alde Zaharreko kaleetan abiatuko dute jaia. Arratsaldean aldiz, 18:00etatik aurrera, ekitaldi nagusia egingo dute, urtero legez, Donostiako Kursaalen, eta punta puntako hamahiru bertsolarik kantatuko dute oholtza gainean: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirrezaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.

Iraia Eliasen gidaritzapean, Miren Gaztañaga, Ainhoa Alberdi, Judith Montero, Allarte oihal eta dantza taldea, eta Maddi Oihenart artistek ere parte hartuko dute aniztasuna bistaratuko duen ekimenean, eta publikoarengan galderak sortzea izango du helburu, generoari buruzko gogoetak proposatuz.

Ikusleentzako 1.800 sarrera jarri dituzte salgai, eta uneotan 300 daude eskuragai. 18 euro balio ditu sarrera arruntak, 8 euro gazteenak eta 13 Bertsozale Elkarteko kideenak. Hala ere, hainbat konbinazio egin daitezke afarira joan nahi izanez gero. Helbide honetan eskuragai.

Afaria
Ekitaldiaren ostean 700 lagunentzako afaria eta horren osteko saio ganberroa egingo dituzte Gros auzoko Manteo kiroldegian. 22 lagunek hartuko dute parte saioan, eta Laket taldeak erromeria eskainiko du. Afarirako 200 sarrera geratzen dira salgai!