Azal gosea

Azal gosea Fenomeno neurologiko hau biderkatu egin da egunotan, ukimena beharrezkoa dugula gogoraraziz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azal-gosea/@@download/image/RTS37CC0-e1585326528748.jpg
2020/05/25
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Fenomeno neurologiko hau biderkatu egin da egunotan, ukimena beharrezkoa dugula gogoraraziz.
Azal gosea

Ukimena gutxi lantzen dugun baina ezinbestekoa den zentzua dugu. Ikerketa neurologikoek diotenez, ukimenak eragin zuzena du gure osasunean; sistema immunologikoan, erritmo kardiakoan eta odol presioan eragiten du, eta noski, baita hormonen mailan, estresean eta amodioan.

Adibidez, haur bat jaiotzen denean segituan amaren bularrean eta sabelean jartzea gomendatzen dute; bizirik gaudela adierazten digun lehen zentzumena ukimena da, eta lasaitu egiten gaitu. Komunikazioa ahalbidetzen duen lehen zentzumena da, guztietan primitiboena eta boteretsuena. Hain zuzen, gure azalak 5 milioi nerbio ditu, ukimen bidezko komunikazio hori ahalbidetzen dutenak. 

Koronabirusak baina ia guztiz zokoratu du zentzumen garrantzitsu hau, eta dagoeneko nabari dira kontaktu fisiko ezaren ondorioak. Besarkadak, musuak, bostekoak... tontakeri hutsa direla pentsa dezakegu, baina gure harremanen eta osasun fisiko zein mentalaren ezinbesteko errituak dira.

Horregatik, azaleko komunikazio hori galtzeak fenomeno neurologiko bitxia ekarri digu: azal gosea. Teknologiak ezin dezake zentzumen honen eragin lasaigarri eta osasungarria ordezkatu. Pantailen edota kristalen bidez komunikatzea ez da nahikoa gizakiontzat; zuzeneko kontaktua behar dugu, ukimena elikatu; kontran, gaixotasunak eta heriotza etorri daitezke, batez ere helduengan.

Hain zuzen, helduak dira azal gose hori gehien sentitu dutenak; asko erabat isolaturik igaro dute pandemia, eta bakardadean egin diote aurre heriotzari. Animalia sozialak garen heinean, ukimena ezin baztertu dezakegun behar fisiologiko zein psikologikoa dugu, eta osasun krisi hau gainditu bezain laster elikatu beharko dugu, guztion onerako.