Ayman Qwaide: "“Gazakook gure burua edozein egoeratara moldatzeko gai gara”"

Ayman Qwaide: "“Gazakook gure burua edozein egoeratara moldatzeko gai gara”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ayman-qwaide-quotgazakook-gure-burua-edozein--egoeratara-moldatzeko-gai-garaquot/@@download/image/2011546954ayman_1361463995.jpg
2011/05/06
elkarrizketa
Testua: Raul perez
Ayman Qwaide: "“Gazakook gure burua edozein  egoeratara moldatzeko gai gara”"
2010eko maiatzean Israelgo armadak Gazara bidean zihoan Askatasunaren Ontzidia tirokatu eta hamar lagun hil zituen. Muturreko eraso hark ez du Gazarekiko elkartasun olatua txikitu. Kontrakoa, handitu egin du. 

Askatasunaren Ontzidia hilaren bigarren hamabostaldian abiatuko da Gazara giza laguntza banatzera. Askatasunaren Ontzidiaren aldeko Euskal Herriko taldearen ekimenez, Ayman Qwaide Gazako 24 urteko gaztea Euskal Herrian izan da Ekialde Hurbileko gatazka politikoaz hizketan. Badaki zertaz ari den; joan den urtean atera zen aurreneko aldiz Gazatik. Alacanten Bakegintzako masterra egiteko dena prest bazuen ere, gorriak ikusarazi zizkioten bere jaioterritik irteteko. "Bigarren Mundu Gerran hildako judutarrak berpiztuko balira, Palestinarren alde egingo lukete", dio Qwaiderrek. Afrikako Iparraldean izandako matxinadei begira ere badabil. "Egiptok Israelekin 30 urtean kolaboratu zuen. Gertakariek diote herria gobernuari gailentzeko gai dela".

Kontaizkiguzu Gazatik ateratzeko igarotako komeriak.

2009ko azaroan dena prest zegoen ateratzeko, eta blokeoarekin eta itxitako mugekin egin nuen talka. Bi hilabete kosta zitzaidan ateratzea; niretzat eta familiarentzat izugarriko sufrimendua izan zen, itogarria izan zen, baina azkenean unibertsitateko kideen eta hedabideen babesa giltzarria izan da. Galdetegia eta tortura jasan ostean, joan den urteko otsailaren 12an atera nintzen.

Ateratzeko itxaropena galdu al zenuen?

Sentipen kontrajarriak izan nituen, bai. Etsituta egon nintzen, lagun batzuek bisatua eta bekak galdu egin zituzten, baina itxaropenari eutsi nion babesa kanpotik zetorrelako. Gizarte zibilak eta komunikabideek amore ez emateko indarra eman zidaten.

Gazan jaio eta hazi zinen. Nola jabetu zinen Israelengandik jasotako zapalkuntzaz?

Joan den urtean atera nintzen aurreneko aldiz Gazatik. Errefuxiatu gune batean hazi nintzen, segurtasunik gabe eta beldurraren beldur. Oinarrizko ikasketak ere errefuxiatu gunean egin behar izan nituen. Nahiko goiz jabetu nintzen humanizazio eza eta okupazioa ez zirela bidezkoak, eta errefuxiatua nintzela onartzea zaila egin zitzaidan. Soilik Gazatik ateratzen zarenean konturatzen zara beste herrialdeen eta Gazaren arteko ezberdintasunez, gizakiak tratatzeko orduan mailak edo koskak daudela. Errefuxiatu gune batean bizitzeak ezer ona baldin badu, zure burua edozein egoeratara egokitzen ikasten duzula da.

Zure herrialdean haurrekin lan egindakoa zara. Nolakoak dira bertako umeak?

Asko gustatzen zait jendeari laguntzea, eta testuinguru bortitzean bizi diren haurrei lagundu ahal izateak itxaropena eman zidan etorkizunari begira. Asko ikasten da irribarrea ezpainetan duten eta errealitatea errefusatzen duten haurrekin. Haiekin egon nintzen 2008 bukaerako eta 2009 hasierako gerraren aurretik eta ondoren, eta ez dut eginkizun hori bazterrean utzi. Hemendik ere zenbait proiektutan lanean ari naiz.

Bigarren urtez Askatasunaren Ontzidia Gazarantz abiatuko da hilaren hasieran.

Oso mugimendu arrakastatsua da. Indarkeriarik gabeko ekintza da, gizarte zibiletik sortua eta hori nahikoa da arrakastatzat jotzeko. Helburuak betetzen ari da mobilizizazioari esker. Ontzidia abiatuko den data bera ere berezia da urtebete beteko delako Israelek iazkoa tirokatu zuenetik. Gizateriaren eta justiziaren aldeko mezuak zabaltzen dituzten tankera honetako ekimenak estimatzen ditut, Palestinako herritarrei bakarrik ez daudela esan nahi diete.

Zure ikasketak bukatzean zer asmo duzu?

Irailean bukatuko dut, eta Europan ikasten jarraitzeko asmoa dut, etxera ahalik eta jantziago itzuli ahal izateko. Oso gogorra egin zitzaidan etxetik ateratzea, hango familia egitura oso hertsia delako.  Hala ere, ez nien agur esan behar izan, gero arte baizik.