Axular Arizmendi (Nahixan): "“Abesti berriak jendaurrean jotzeko irrikaz gaude”"

Axular Arizmendi (Nahixan): "“Abesti berriak jendaurrean jotzeko irrikaz gaude”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/axular-arizmendi-nahixan-quotabesti-berriak-jendaurrean-jotzeko-irrikaz-gaudequot/@@download/image/201111299241nah_1361225523.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Orain dela hiru urte sortu zenetik, Nahixan Mutrikuko taldea ez da geldirik egon. 2009an eta 2010ean disko bana argitaratu ostean, orain arteko single ezagunenak eta zenbait pieza berri bilduko dituen errekopilazio lan bat dakarte orain: 'Nahi duzunerako'. Markel Aboitiz dabil baterian, Axier Garai baxuan, Aitor Sologaistoa gitarran eta Axular Arizmendi da ahotsa; azken honek erantzun die gure galderei. 


Nola sortu zen aurreko diskoetako single ezagunenei hiru kanta berri batu eta disko hau kaleratzeko ideia? Abesti arrakastatsu haiek berreskuratzea zen lehentasuna ala hiru proposamen berri hauei atea zabaltzea?

Tuentin ditugun jarraitzaileek eman ziguten ideia, eta guk ideia hori landu eta mamitu dugu. Abesti ezagunenekin CD bat osatzeko eskatzen ziguten, baina 2011 urtean egindako kantak ere sartzea erabaki genuen, guztira hiru: Araba euskaraz 2012, Bagare bertsioa eta Nahi duzunerako. Aurreko diskoetako hiru abestiak, berriz, Argi lotauak, Badako uhartea eta Zurekin dira. Iruditzen zait kanta berriek dutela indarra disko honetan baina, esan bezala, jarraitzaileek lehengoak eskatu zizkigutelako jaio zen ideia.

2012ko Araba Euskaraz-en abestia dago tartean. Zein da pieza honek helarazten duen ideia nagusia?
Mezua garbia da: Araban euskaraz bizi eta hitz egin behar da, euskara delako Euskal Herriko hizkuntza. Bastidako piratak dabiltza Arabako altxorra zaintzen aurten, "altxorra hain dan handia ontzian ez dela sartzen" dio abestiak. Kanta alaia da, indarra du eta kolorea ematen dio egunari; musika, bestalde, dantzagarria da, euskal adarra sartu dugu, bastidako umeak, metalak, trikia, perkusioa...

Bestela, zein izaten dira Nahixan taldeak jorratzen dituen gaiak?
Gure kezkak gure alde sentimentaletik azaltzen ditugu abestietan: maitasuna, gorrotoa, Euskal Herria, euskara, zazpiak bat, natura, emakumeen aurkako indarkeria, etorkinak...

Durangora eramango duzue disko berria. Ze iritzi duzue Azokaz?
Urtero-urtero bultzada handia ematen dio euskal musikari eta liburuei ere bai, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Gainera, musikari eta idazle asko batzen gara bertan eta gure artean hitz egiteko aukera polita izaten da.

Ze harrera espero duzue izango duela 'Nahi duzunerako' honek?
Pentsatzen dugu harrera ona izango duela, baina auskalo. Azoka pasatutakoan jakigo dugu benetako harrera zein izan den.

Dena dela, gaur egun musika taldeak bizi badira, zuzenekoetatik da. Ezin disko salmentetatik bizi, ala?
Egia da oso zaila dela salmentetatik bizitzea, hau dena asko ari da aldatzen, teknologia azkarregi doa. Horregatik, gaur egun disko berriak kaleratzea taldea promozionatzeko modu bat da eta hortik kontzertuak lotzeko. Zuzenekoek ematen digute gure gastuei aurre egiteko behar dugun dirua eta hurrengo proiektuetarako aurrezteko dugun bidea ere hori da. Guk, behintzat, irabazien ehuneko handiena hurrengo lanetan inbertitzen dugu.

Zer eskaintzen du Nahixanek kontzertuetan?
Kontzertu bizi eta sakonak izaten dira, gainera argi muntaia berezia eramaten dugu sentzazioak indartzeko.

Ze asmo duzue datozen hilabeteetarako?
Durangoko Azoka eta gero berriro ere martxan jarri eta kontzertuekin hasiko gara. Egia esan, abesti berriak jotzeko irrikaz gaude kanta azkarrak eta energiaz beterikoak direlako, beti ere Nahixanen bidean.

Taldea inoiz baino formatuago edo errotuago dagoela diozue. Zertan nabaritzen da hori?
Elkarrekin egiten ari garen bideak indartzen gaitu, bidean bat egiten dugu. Gure tentsio momentuak ere izaten ditugu, baina normala dela iruditzen zaigu.

Eta, bestalde, nolakoa izan da oraingo egoerara heldu arteko ibilbidea?
Ba, oso polita eta emozioz beterikoa. Aurrera egiteko indartsu sentitzen gara, egia esan, lan handia egiten dugu hau dena ateratzeko, disko hauen atzean lan ikaragarria dago-eta, ikusten ez dena. Pozik gaude orain artean egindakoarekin, ea aurrerantzean ere hala den.