Auzoak

Auzoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/auzoak/@@download/image/Fertxu.jpg
2009/09/04
erreportajea
Fertxu Izquierdo
error while rendering contentleadimage


Hirietan auzoek ematen digute identitatea. Ni Iruñeakoa naiz, bai, baina horren gainetik Txantreakoa naizela aldarrikatuko nuke. Azken finean, auzoetan baititugu sustraiak, eskola oroitzapenak, egindako bihurrikerien mapa... Eta auzoko karriketan ikasi dugu edaten, musukatzen, triste ala pozik egoten, bizirauten…

Aitortu behar dut auzoaren kontzeptuak, komunitate txikiaren kontzeptuak liluratu egiten nauela. Hiria auzoz jositako armiarma sarea baita. Eta gu sare horretan bizi garen armiarmak. Gure auzoa, esaterako, Nafarroako zenbait herritatik etorritako jendez osatutakoa da; Erriberatik, Baztandik, Sakanatik... Herri horietako ezaugarriak ekarri eta herri urbanoa eraiki zuten hirian. Identitate handia duen komunitate txikia: auzoa.

Batzuek chauvinismoa esan diote horri; nik identitatea, izaera deitzen diot. Are gehiago esanen nuke: chauvinismo delako hori ez dut batere gustuko. Agian horregatik, hiri bat ezagutu bezain pronto, bere auzoetan zehar galtzeko irrikan izaten naiz; herrikoiak, ahal izanez gero. Eta hiri guztietako auzo herrikoi guztiekin identifikatuta sentitzen naiz berehala. Erromara joan eta Pigneto auzoan etxean bezala ibili. Madrilen Lavapies dut begiko edota La Barceloneta Bartzelonan. La Candelaria Bogotan, Alfama Lisboan, Coyoacan Mexiko hirian, Kreuzberg Berlinen… Auzo hauetan guztietan topatzen ditut nire auzoaren arrastoak, eraikuntzetan edota bertakoen bizitza sozialean. Eta, handik joatean, guztien zati bat daramat bihotzean. Horrela osatzen dugu gure bizipenen armiarma sarea. Bizitza bizipenez jositako sarea baita. Horregatik, Pignetotik ibiltzean Txantreako zati bat uzten dugu bertan, eta, Txantreara itzultzean, Pignetoko zati bat ekarri.

Baina ez, ez dugu hain urrun joan beharrik sentsazio hori izateko. Euskal Herrian ere baditugu auzo liluragarriak. Herrialdeak eta sasi-mugak zeharkatzen dituztenak. Zaramaga edo Abetxuko Gasteizen, esaterako; Santutxu, Bilbao La Vieja, Egia, Baiona Ttipia, Azken Portu…

“Auzoa etorkizuna da” irakurri nuen behin eta, gaur egun, identitaterik gabeko auzune berriak etengabe eraikitzen ari diren honetan, konbentzituta nago hala dela. Auzoak defendatuz behetik eraikiko baititugu gure hiriak, armiarmaren pazientziaz.