Autoerotismoaren bost onura

Autoerotismoaren bost onura Maiatzaren 7an Masturbazioaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta aitzakia bezala harturik autoplazeraren onurak kontatu nahi dizkizugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/autoerotismoaren-bost-onurak/@@download/image/Captura de pantalla 2021-05-11 a las 8.06.28.png
2021/05/11

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Maiatzaren 7an Masturbazioaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta aitzakia bezala harturik autoplazeraren onurak kontatu nahi dizkizugu.
Autoerotismoaren bost onura

Norbere buruaren ezagutzatik odol irrigazio optimoraino gune genitalean. Autoplazerak onurak dakartza maila fisiko zein psikologikoan. Pandemia honetan sexua mugatua izan zaigunez bada garaia masturbazioaren inguruko tabuak erabat hausteko. 

Orain dela 16 urte hasi ziren Masturbazioaren Nazioarteko Eguna ospatzen maiatzaren 7an. Arrazoia? Joycelyn Elders pediatra estatubatuarrak, Clinton-en gobernuko idazkari ohiak, Nazio Batuetan egindako HIESaren aurkako hitzaldian autoerotismoa goraipatu zuen sexualitate metodo seguru bezala. Horri tiraka, Good Vibrations jostailu sexualen ekoizleak aukera hau plazer pertsonala goraipatzeko hartu zuen eta maiatzaren 7a masturbazioaren eguna izendatu. 

Sexologoek aho batez diote: masturbazioak onura zuzenak ditu osasun mentalean eta fisikoan. Alta, zenbait egoerek oztopoa jartzen diote autoerotismoari, izan pribatutasun gutxiko etxeak edo beste arrazoiren bat. Honi pandemiaren testuingurua gehitu beharra dago, lehen zegoen etxeko bakardade momentuak murriztu egin direlako. Eta noski, praktika honen inguruko tabuak ere ez dira ahaztu behar. 

Tabu horietako bat da autoerotismoa asko praktikatzen duen pertsonak arazo bat duela da: deprimitua dago, antsietaterekin edo erlaxatzeko egiten du. Izan liteke arrazoi horiengatik masturbatzea, baina baita besterik gabe gogoa duelako, ez da estigmatizatu behar. Antsietateagatik masturbatzen bada antsietate horren erroa non dagoen ikusi beharko da, baina praktika hau gaitzetsi gabe. 

Zentzu berean, harreman monogamikoetako bikoteetan ere badago tabu hori: bakarrik masturbatzea ez dago ondo. Nirekin badago zergatik masturbatzen da nire bikotea? Kontua da ez duela batak bestea kentzen. Norberarentzat bakarrik diren espazioak sortzea onuragarria; honela bikoteko kide batek besteak baino desira gehiago duenetan ez da gogoarekin geldituko. 

Hau guztia jakinik, masturbazioak dituen bost onura dakarkizugu: 
Autoezagutza: Beste pertsonarekin jarduera sexual bat eduki aurretik onuragarria da norbere gorputzak nola funtzionatzen duen jakitea zer gustatzen zaigun eta zer ez jakin dezagun. Bestela, zaila da bikoteak zu gozarazi nahi izanda ere gozaraztea. 

Estresa fisiologikoki askatzeko modu ezinhobea da: Estres momentuetan erlaxatzea garrantzitsua da. Autoerotismoak plazer endorfinak askatzen ditu orgasmoan zehar eta horrekin lasaitu egiten gara. 

Arriskurik gabeko jarduera sexuala da: Ez dago haurdunaldi arazorik eta sexu bidezko gaixotasunen bat bereganatzeko aukerarik. Eta noski, bizitzen ari garen garaiari keinua eginez, ezta COVID-19az kutsatzeko unerik ere. Hori bai, garbitu ondo eskuak aurretik bada ez bada ere! 

Odol irrigazioa genital gunean: Gune genitaleko muskuluak uzkurtu egiten direnez orgasmoarekin, hauek osasun baldintza onetan mantentzen dira. Ariketa egitea bezalakoa da gune genitalentzat. Adibidez, menopausiaren ondoren, hormona kopurua jaitsi eta idortasun gehiago dagoenean, egokia da jarduera sexual hau gune horretako osasuna bermatzeko. 

Plazeraren autonomia: Maila emozionalean garrantzitsua da beste pertsonarik gabe plazera eskuratu litekeela pentsatzea. Gozatzea norbere esku dago. Autoestimu handiagoa sentitzeko ere baliagarria da, ez baita nahitaez norbaitekin egon behar plazer sexuala lortzeko.