Autobusetako plataformak hobetzeko sinadura bilketa

Autobusetako plataformak hobetzeko sinadura bilketa Gurpil-aulkian dagoen Lexuri Badiola lekeitiarrak arazoak izaten ditu Bilbora joan-etorriak egiteko, autobusetako plataformek ez dutelako egoki funtzionatzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/autobusetako-plataformak-hobetzeko-sinadura-bilketa/@@download/image/lexuri2.jpg
2021/05/14

Maitane Legarreta Etxezarreta

Gurpil-aulkian dagoen Lexuri Badiola lekeitiarrak arazoak izaten ditu Bilbora joan-etorriak egiteko, autobusetako plataformek ez dutelako egoki funtzionatzen.
Autobusetako plataformak hobetzeko sinadura bilketa

Gutako askorentzat arruntak eta eginerrazak diren ekintzak, oztopoz beterikoak izaten dira dibertsitate funtzionala dutenentzat, autobusera igotzea, esaterako. Egunerokoan, traba ugari bizi ohi ditu gurpil-aulkian dagoen Lexuri Badiola lekeitiarrak Bilbora lanera joan-etorriak egiteko, hartu ohitu dituen autobusetako plataformen egoera dela-eta. Badiolak jakinarazi duenez, <<plataforma bakar batek ere ez du behar bezala funtzionatzen eta, horregatik, egun batzuetan ezin izaten dut autobusera igo, eta hurrengoari itxaron behar izaten diot. Ondorioz, berandu iristen naiz lantokira>>. Batzuetan igotzea lortzen duela adierazi du, baina <<akatsa ezagutzen dudalako eta gidariari zer egin behar duen azaldu diodalako>> izaten dela nabarmendu du. <<Lotsagarritzat>> jo du berak gidariei azalpenak eman behar izatea, <<plataforma guztiek funtzionamendu egokia izan beharko luketelako eta gidariek  hauen funtzionamenduaren inguruko ikastaro bat jaso beharko luketelako ezustekoei nola erantzun jakiteko>>.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko sailean sarri kexatu izan bada ere, ez diote erantzun izan gehienetan, eta erantzuna jaso duenean, plataformek beharrezkoak dituzten azterketak egiten dituztela jakinarazi diote.

Egoerari konponbiderik ematen ez diotela ikusita, sinadura bilketa jarri du martxan Badiolak, arazoari <<erantzun kolektibo bat emateko, errealitate hau ez baita indibiduala, gizarte mailako gatazka bat baizik>>. Oraingoz, 9.900 sinadura inguru lortu ditu.