Autobus batek familietako txakurrak jasotzen ditu ondoren guztiak batera paseatzeko
Egun txakurrentzako haurtzaindegi modukoak existitzen dira. Denbora urria dutenek bertan uzten dituzte eta bertako langileak arduratzen dira hauek zaindu eta paseatzeaz. Zaintzaile pertsonala kontratatzen duenik ere bada, txakurra ez dadin horrenbeste denbora bakarrik egon.
Dog Mates aurreko adibideen nahasketa berezi bat da. 2021. urtean sortu zen "txakurrentzako eskola" hau. Sortzaileek txakurrentzako "haurtzaindegi" bat dute, eta hastapenetan, hauek bertara autoan eramaten zituzten. Txakurren kopurua hazten hasi zela ikusirik, ordea, autobus txiki bat erosi zuten. Animaliak bertara sartzean, umeak bailiran, euren eserlekuetan esertzen dira; batzuk leihotik begiratzen dute eta "bihurrienak" atzean esertzen dira. Modu dibertigarri honetan eramaten dituzte txakurrak zaintza-lekura. Behin eraikinera iristean, bertan korrika egiteko aukera dute, atseden hartzekoa, jaten ematen diete, oro har, dibertitu egiten dira beste txakurrekin batera.
Txilen sortutako erakundea da Dog Mates. Sekulako arrakasta izan du ideiak eta jada egunero 60 "ikasle" dituzte.

