Australian pornoa ikusi aurretik aurpegiaren ezagutza bat egin beharko da

Australian pornoa ikusi aurretik aurpegiaren ezagutza bat egin beharko da Horrela ekidin nahi du Australiak adin txikikoek pornoa ikustea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/australian-pornoa-ikusi-aurretik-aurpegiaren-ezagutza-bat-egin-beharko-da/@@download/image/Captura de pantalla 2019-11-04 a la(s) 09.35.51.png
2019/11/05

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Horrela ekidin nahi du Australiak adin txikikoek pornoa ikustea.
Australian pornoa ikusi aurretik aurpegiaren ezagutza bat egin beharko da

Irudikatu egoera. Ordenagailu aurrean zaude edo mugikorra eskuan, eta pornoa ikusi nahi duzu. Aurretik ordea, aurpegiak aztertzen dituen sistema batetik pasatu behar duzu. Sistema honek zure aurpegia eskaneatuko du adin txikikoa zaren ala ez egiaztatzeko. Captcha sofistikatu bat bailitzan, zure aurpegia dokumentu ofizialekin alderatuko du pornoa ikusteko baimena emanez edo kenduz.

Hauxe da Australiako gobernuak izan duen ideia haurrek pornora eskura izan ez dezaten. Proposamen gehiago aztertu ondoren, Barne Auzien Australiako departamenduak aurpegien ezagutzaren teknologia iruditu zaio egokiena eginkizun honetarako.

2016. urtetik Australia bere biztanleen aurpegiekin datu biometrikoak biltzen aritu da. Datu hauek pasaporteetatik, gidatzeko baimenetatik eta beste dokumentu ofizialetatik lortu ditu. Helburua aurpegiak ezagutzeko sistema sortzea izan da, eta sistema hau gobernuko departamendu ezberdinen eskura egongo da.

Urte horretan bertan jarri zen martxan aurpegiak aztertzeko sistema Australiako hiritartasuna eskatzen zutenekin erabiltzen bazen ere bakarrik. Orduan sistemak zituen argazki kantitatea oso mugatua zen, egun ordea, sistema asko sofistikatu da eta beste helburuetarako ere erabili da.

Horrela hasi ziren aurpegi ezagutzaren teknologia aztertzen enpresa pribatuak, gobernuaren iturriei datu berriak gehituz. Etorkizunean pertsona ezezagunen identifikazioa ahalbidetu nahi da beste nazioarteko agentziekin datuak elkarbanatuz.

Egun martxan jarri nahi den proiekturik garrantzitsuenetakoa web guneetara sartzeko adina egiaztatzea da. Horrela, eduki pornografikoetara adin txikikoek debekatua izango lukete sarrera. Halere, Australiar Gobernuak argitu nahi izan du proposamen erregulatzaile bat besterik ez dela oraindik, ez baitago guztiz martxan. Sistema erakunde pribatuen eskura jartzeko asmoa du datozen hilabeteetan, baina aurretik lege proiektua parlamentuak onartu beharko du.

Legegile australiar batzuk jada proposamen honen aurka azaldu dira. Diote pribatutasun eskubideak urratzen direla, gobernuak modu honetan Australian pornoa kontsumitzen duten pertsona guztien argazkiak edukiko bailituzke. Horrez gain, ez da hitz egin pribatutasuna bermatzen duten kontrolen inguruan edo nola babestuko litzatekeen datu base hau erasoen aurrean informazioa ez galtzeko eta hortik ez zabaltzeko.