Australiako abeletxe batean bizi ahalko duzu lau astez, zaldiak zaintzearen truke
Wordlpackers bidariak mundu osoko anfitrikoiekin lotzen dituen nazioarteko sare bat da. Truke-eredu jakin bat du oinarri: lana egitea ostatu eta mantenuaren truke. Hainbat herrialdetako eskaintzak partekatzen dituzte webgunean, eta modu honetara hainbat astez edo hilabetez bidaiatu nahi dutenentzako erreferentziazko plataforma bilakatu da. 140 herrialde baino gehiagotako proposamenak daude, eta bidaiariek haien balorazioak eta iritziak ematen dituzte.
Eskaintza horietako bat da Australiako Hegoaldeko Gales berria eskualdean 2027rako dutena. Lau asteko boluntariotza proposatzen dute, zaldien ondoan eta barnealdeko paisaia basatiak inguratuta. Inverell Shire Councilen dago abeletxea, Sidneytik 600 kilometrotara.
Boluntariotzan parte hartuko duenak astean 32 orduz lan egin beharko du, eta horren truke logela eta otorduak egiteko aukera izango du. Astean egun bat izango du libre.
Garbiketa orokorraz arduratu beharko du eta baita zaldiak, behorrak eta moxalak zaintzeaz ere. Goizetan eta gauetan animaliak elikatzeko zeregina ere izango du, eta beraz batetik bestera mugitu beharko du zaldian. Horretaz gain, askak garbitzea, ekipamendua prestatzea eta animaliei entrenamenduetara laguntzea ere betebeharren artean egongo da.

Lanaz eta zereginez gain, bada aisialdirako astia ere. Wordpackersek inguruko hirietako doako tourrak eskaintzen ditu eta baita inguruko ekitaldietarako sarbidea ere.
18 urtetik hasi eta 64 urte arteko pertsonak parte har dezakete, eta ingelesez komunikatu ahal izateko gutxieneko maila eskatzen da. Boluntarioak zaldian ibili beharko du egunean bi orduz gutxienez eta, beraz, zaldi gainean ibiltzen ohituta dagoen norbait behar dute. Lau asteko egonaldia da, baina hamabi astera ere luza omen daiteke.
Australiako honetaz gain, bestelako eskaintza ugari daude plataforman, munduko hainbat txokotan. Baten bat egiten animatuko ote zara?
