Aurtengoan ere, Bob Marleyri omenaldia egingo diote Zarautzen

Aurtengoan ere, Bob Marleyri omenaldia egingo diote Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengoan-ere-bob-marleyri-omenaldia-egingo-diote-zarautzen/@@download/image/2012795581bob_txikia.jpg
2012/12/13
berria
Aurtengoan ere, Bob Marleyri omenaldia egingo diote Zarautzen
Ostiral honetan, uztailak 13, 17:00etatik aurrera, Bob Marleyri omenaldia egingo diote Zarauzko Sortaldea Kultur Eremuan, malekoian. Musikaz gain, halaber, graffiti erakustaldia ere egingo dute, eta beste hainbat ekintza ere prestatu dituzte antolatzaileek. Eguraldiak eta reggae doinuek lagundurik, jamaikar giroan murgilduko dira bertaratuak.

Iaz 30 urte bete ziren Bob Marley musikari, gitarra jole eta konposatzaile jamaikarra hil zenetik. Ska, rockstady eta reggae doinuen erregea izandakoak Bob Marley & The Wailers taldearekin lortu zuen nazioarteko ospea. Azken batean, nork ez ditu ezagutzen bere No Woman, No Cry, Jamming, Redemption Song edota Three Little Birds kantak?

Data bereziaren harira, iaz hiru eguneko omenaldia egin zioten Zarautzen, eta aurten ere, uda giroaz baliatuta, kontzertu sorta, graffiti erakustaldia eta beste hainbat sorpresa ere prestatu dituzte, arratsalde bakarrean izango badira ere. Hala nola, artisauak, serigrafiak eta jamaikar jatekoak izango dituzte bertaratuek.

Emanaldiak 17:00etan hasiko dira Zarauzko malekoian, eta gauera bitarte luzatu. Sarrerak doakoak dira, eta bertan salgai izango dira artista handian oinarri hartuta sortu dituzten kamisetak ere, hamabost euroan.