Aurtengoa izango da Mendebala jaialdiaren azken edizioa

Aurtengoa izango da Mendebala jaialdiaren azken edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengoa-izango-da-mendebala-jaialdiaren-azken-edizioa/@@download/image/mendebala_2013_1371712726.jpg
2013/06/20
berria
Aurtengoa izango da Mendebala jaialdiaren azken edizioa
Arrazoi ekonomikoak tarteko, Sopuertako Mendebala Elkarteak jakinarazi du aurtengoa izango dela jaialdi homonimoaren azken edizioa. Uztailaren 6an izango da, iluntzeko 21:00etatik aurrera, eta jaialdiarekin harreman estua izan duten taldeak gonbidatuko dituzte.


Hamahiru urteren ostean, Sopuertako folk jaialdiak azken edizioa izango du aurtengoa. Bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean, doako ekitaldiak mantentzea oso zaila dela adierazi dute Mendebala Elkarteko Batzordeko kideek, eta horregatik, kalitatezko jaialdiari jarraipena ematea ezinezkoa zela ikusirik, ekimenari amaiera ematea erabaki dute.

Horregatik, bukaera duina emateko asmoz, eta haien hitzetan, "ikusleei zor dieten errespetuagatik", edizio ahaztezina prestatu dute. Uztailaren 6a, larunbata, izango da egun handia, eta jaialdiarekin harreman estua mantendu duten taldeak izango dira protagonista: Xabi Aburruzaga, Aira da Pedra, Celtas Cortos, Prau eta Emon ariko dira nor baino nor eszenatoki gainetik.

Doan
21:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrera doakoa izango da. Halaber, kanpatzeko lekua jarriko dute gaua bertan pasa nahi dutenentzat.

Krisiak eta murrizketek kalte egin badiote ere, ez dute inola ere jaialdiaren izpiritua azpiratzerik lortu, eta egindakoarekin harro esango diote agur antolatzaileek hamarkada luze bateko ibilbideari, ekimena aurrera ateratzen lagundu duten guztiei eskerrak emanez.