Aurtengo Zinegoak jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da

Aurtengo Zinegoak jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da Antolatzaileek adierazi dutenez Zinegoak "zalantza izpirik gabe antolatuko da" martxoaren 1etik 4ra, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta aukera digitala hedatuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengo-zinegoak-jaialdia-martxoaren-1etik-14ra-ospatuko-da/@@download/image/Captura de pantalla 2021-02-24 a las 8.57.59.png
2021/02/25

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Antolatzaileek adierazi dutenez Zinegoak "zalantza izpirik gabe antolatuko da" martxoaren 1etik 4ra, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta aukera digitala hedatuz.
Aurtengo Zinegoak jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da

Aurtengo edizioak gaurkotasun handiko gaiak landuko ditu: identitatearen eraikuntza, amatasun lesbikoak, talde-zaintza Sail ofizialari dagokionez, 18 pelikulez gozatu ahal izango da Golem Alhondigan eta baita modu birtualean ere Filmin plataformaren bidez. Film laburren sei zikloak berriz, Bilborock-en eskainiko dira doanEz da Bilbon bakarrik ospatuko ordea, Bilborekin batera Lekeitioko egoitza ere ofiziala izango da eta beste 40 udalerri baino gehiago ere egongo dira Zinegoak-en hedapenean. 

Atzo aurkeztu zen Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoaren jaialdiaren 18. edizioa. Aurtengoa martxoaren 1etik 14ra ospatuko da eta osasun-krisiak jaialdia baldintzatu duen arren, Zinegoak jaialdiak aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egin du, Filmin plataformaren bitartez leiho digitala irekitzen duen bitartean. Honela, beste urte batez, Bilbon kulturaz, zineaz eta aniztasunaz gozatu ahal izango dugu; baina Bilbora gerturatzeko aukera ez dutenek ere, Zinegoakez gozatzeko aukera izango dute Filmin plataforma digitalaren bidez.

Edizio honetako leloa "Zalantza izpirik gabe" izan da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin: "Aurtengo edizioan, beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dute begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan".

Beste urte batez, Zinegoakek hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak izango ditugu: belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak eta abar. 18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa eta gero, Filminen leiho birtuala irekiko da. Horrela, Filmin plataforma beste egoitza bat izango da eta bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana sail bakoitzeko) eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokionez, Zinegoakek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18:00etan, doako sarrerarekin. "Haurtzaroa-Nerabezaroa" edo "Emakume zuzendariak" ohiko zikloekin batera, "Drag life" eta "Erresilientziak" ziklo berriak ere izango ditugu. Halaber, "LGTBI+ Nagusiak" zikloa berreskuratu da eta urtero bezala "Euskal Begiradak", Euskal Herrian sortutako ekoizpenekin gozatu ahal izango da.

Horrez gain, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia ospatuko da martxoaren 1ean, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren "Red Bay" film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean bertan.

40 udalerri baino gehiago ZG Hedapenean
Beste urte batez, jaialdia Bilbon amaitzen denean, Zinegoakek ibilbidea hasiko du Euskal Herrian zehar, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiago izango ditugu ZG Hedapenean parte hartzen, 50 proiekzio baino gehiagorekin. Gainera, udalerri batzuek lehen aldiz parte hartuko dute Hedapenean, besteak beste, Orio, Eskoriatza eta Aduna. Zerrenda osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Gainera, lehen aldiz, Zinegoakek beste egoitza ofizial bat izango du Bilborekin batera. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta proiekzioak izango ditugu martxoaren 6tik 8ra arte: "Valentina" film luzea eta "Euskal Begiradak" eta "Emakume zuzendariak" film laburren zikloak.