Aurtengo Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak aukeratu dituzte
Kimuak programaren hogeita bosgarren edizioaren deialdira aurkeztutako 75 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2022 katalogoa osatzeko. Fikzio eta dokumental lanak daude hautaketan, eta hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta lau gaztelaniaz. Bestetik, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.
Hauek dira aukeratutako lanak: Irati Gorostidiren Contadores, Esti Urresolaren Cuerdas, Maider Fernandezen Fe, Ainhoa Olaso eta Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Maider Oleagaren Irrits, eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa. Film laburren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
Aurtengo hautaketa batzordea honako kideek osatu dute: Maria del Puy Alvarado, ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea, eta Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea; Alejandro Diaz Castaño, FICX, Gijoneko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria; Vanesa Fernandez, ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria; Iñaki Lazkano, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea; eta Javier Ocaña, zinema kritikaria eta idazlea.
Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, Zineuskadik kudeatzen duena, euskal film laburren sustapena eta zabalkundea egite aldera. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.

