Aurtengo 'Black Friday' inoiz baino beltzagoa denda txikientzat

Aurtengo 'Black Friday' inoiz baino beltzagoa denda txikientzat Azaroaren 27an ospatuko da merkealdi handien eguna, baina aurten pandemiak utzi duen egoera ekonomikoarengatik beldur dira denda txikiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengo-back-friday-inoiz-baino-beltzagoa-denda-txikientzat/@@download/image/black-fryday.jpg
2020/11/06
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Azaroaren 27an ospatuko da merkealdi handien eguna, baina aurten pandemiak utzi duen egoera ekonomikoarengatik beldur dira denda txikiak.
Aurtengo 'Black Friday' inoiz baino beltzagoa denda txikientzat

Urteko hilabete beltzenetako batean iritsiko da ostiral beltza ala Black Friday-a. Aurten, azaroaren 27a da deskontu handien eguna ospatzeko aukeratutako data, baina hilabete guztian zehar egon dira marka handiak deskontuak eskaintzen. Dena den, kontu handiarekin ibili beharra dago, deskontu harrigarri horiek eginagatik distira, denak urre ez baitira. 

Denda txikiak bereziki beldur dira aurtengo Black Friday-arekin, izan ere, pandemiak dagoeneko oso egoera kaxkarrean utzi ditu oraindik aurrera doazen negozio txikiak, eta jendeak Gabonetako erosketak soilik online eta plataforma handietan egingo dituen beldur dira. Hain zuzen, dendariek abisua eman dute; Gabonetan erosketarik ez badago, urtarrila eta otsaila bitarte denden itxiera masiboak gertatuko dira, erabat itota utzi dituelako aurtengo pandemiak.

Hain zuzen, Black Friday-en erosten dutenen gehiengoak online egiten ditu erosketak, %70, hain zuzen. Pandemia garaiotan, logikoa da pentsatzea oraindik ere gehiago joko dutela kontsumitzaileek online erosketetara. Gainera, gehiengo zabalak Amazon bezalako plataformak lehenesten ditu, Media Markt, Inditex eta antzeko enpresa handiekin batera. Baina jakin Black Friday-eko deskontuetan iruzur handiak gertatzen direla; Kontsumitzaileen Elkarteak ohartarazi duenez, leku gehienetan produktuen %35etan prezioa igotzen dute merkealdiak aplikatu aurretik. Beste modu batera esanda; erosleak uste badu %70eko deskontua lortu duela, egiatan ez da %20koa baino gehiago izan.

Horrekin batera, deskontuekin itsutzeak behar ez ditugun gauzak erostera eramaten gaitu, aurrezten ari ginelakoan uste baino gehiago gastatuz. Eta ez hori bakarrik; merkealdi handietan, defektuak dituzten produktuak erosteko arrisku handiagoa dugu.