Aurten lehen aldiz egingo dute Bertso Korrika

Aurten lehen aldiz egingo dute Bertso Korrika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurten-lehen-aldiz-egingo-dute-bertso-korrika/@@download/image/bertso_korrika_1362394816.jpg
2013/03/04
berria
25 bertso eskola, 100 bertsolari eta 20 gai jartzaile. Horiexek 18. Korrikareren baitan antolatu duten Bertso Korrikako parte hartzaileak. Haiekin batera, herriz herri, ehunka bertsozale eta bertsolaritzara hurbildu nahi duten euskara ikasle ere gerturatuko dira saioetara.


Tokian tokiko bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak aurten lehen aldiz antolatu dute Bertso Korrika, alegia, Korrikarekin batera, herriz herri, doan bertso zirkuitua. Ekimenaren helburua euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea da, euskaltegietan landutakoa praktikan jarri eta ikuskizunekin goza dezaten, eta dagoeneko hainbat saio egin dituzte.

Orotara 25 herritan egingo dituzte, eta 15 bertso-eskolak, 100 bertsolarik eta 20 gai-jartzailek hartuko dute parte. Besteak beste, Donostian, Larraulen eta Andoainen (Gipuzkoa); Kanpezun, Agurainen eta Gasteizen (Araba); Durangon, Zornotzan eta Bilbon (Bizkaia); Iruñean, Astizen eta Lizarran (Nafarroa); eta Azkainen, Itsasun eta Hendaian (Lapurdi) egingo dituzte —horietako zenbaitetan eginak dituzte dagoeneko—.

Bertso-saioen aurretik azalpenak jasoko dituzte euskara ikasleek, gai jartzaileak joango baitira klasera, eta haiekin bertsolariek landuko dituzten gaiak, ariketa-motak, bertsolariak nortzuk diren… jakin ahal izango dute. Izan ere, haietako askorentzat lehen bertso saioa izango da Bertso Korrikakoa.

Ostatuak eszenatoki
Bertso emanaldi gehienak herrietako ostatuetan egingo dituzte, baina baita euskaltegi eta bestelako kultur zentroetan ere. Sarrera erabat librea izango da, eta euskara ikasleekin batera bertsozaleek ere saioaz gozatzeko aukera izango dute.

Azken batean, Korrika girotzeaz gain, herriko euskal hiztunak eta hizkuntza ikasten ari direnak euskaraz elkartzea ere du helburu egitasmoak, gazteei ere euskaraz kantatzeko aukera emanez.

Datozen egunetako egitaraua


Araba
  • Martxoak 7. Gasteizko Bodega tabernan, 19:00etan

Bizkaia
  • Martxoak 7. Bilboko Plateruenan, 20:00etan
  • Martxoak 12. Zornotzako Zelaieta Zentroan, 18:00etan
  • Martxoak 13. Algortako Fadurako Areto Nagusian, 19:30ean eta Bilboko Arbidea Euskaltegian, 20:00etan
  • Martxoak 14. Barakaldoko Ibarra Kaldunen, 20:00etan
  • Martxoak 15- Erromon bertso-poteoa egingo dute 20:00etatik aurrera
  • Martxoak 19. Derioko kultur birikan, 20:00etan

Gipuzkoa
  • Martxoak 7. Andoaingo Elkarte Gastronomikoan, 19:00etan, eta Donostiako Dokan 19:00etan
  • Martxoak 13. Larrauleko Herriko ostatuan, 19:00etan
  • Martxoak 15. Arrasateko Kulturarteko Areto Nagusian, 19:30ean
  • Martxoak 21. Lazkaoko Maizpide Elkartean bertso afaria egingo dute 20:00etatik aurrera
  • Martxoak 22. Lasarteko Jalgi tabernan, 21:00etan

Nafarroa
  • Martxoak 15. Astiz herriko Astizko ostatuan, 21:00etan eta Elizondoko Arizkunenean, 19:0etan
  • Martxoak 19. Lizarrako Labota elkartean, 19:30ean
  • Martxoak 20. Iruñeako Antzerki Eskolan, 20:00etan