'Aurrera Fest'-ek 35 ikuskizun eskainiko ditu uztailean Bilbon

'Aurrera Fest'-ek 35 ikuskizun eskainiko ditu uztailean Bilbon Musika, antzerkia, bakarrizketak, dantza eta magia ikuskizunak izango dira jaialdian. Ia 8.000 sarrera jarri dituzte salgai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurrera-fest-ek-35-ikuskizun-eskainiko-ditu-uztailean-bilbon/@@download/image/aurrera fest.jpg
2021/06/09

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Musika, antzerkia, bakarrizketak, dantza eta magia ikuskizunak izango dira jaialdian. Ia 8.000 sarrera jarri dituzte salgai.
'Aurrera Fest'-ek 35 ikuskizun eskainiko ditu uztailean Bilbon

Aurrera Fest jaialdiaren bigarren edizioa izango da aurtengoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ekimenaren helburua bertako kultur sektorea babestea da. Horretarako, 35 ikuskizun antolatu dituzte uztailean Bilboko Euskalduna Jauregian. Hemeretzi kontzertu egingo dituzte, horietatik lau musika klasikokoak, hamar antzerki, lau bakarrizketa eta dantza eta magia emanaldi bana. Guztiak Euskal Herriko artista edo konpainiek egindakoak dira, gehienak Bizkaikoak, baina lau ikuskizun besterik ez dira izango euskaraz. 

Euskarazko emanaldien artean Hibai musikariaren kontzertua izango da uztailaren 1ean. Goxokiak diskoko abestiak aurkeztuko ditu beste musikari batzuen eta Goizargi Gospel Choir abesbatzaren laguntzaz. Uztailaren 5an, berriz, Soinuak Haizean taldeko kideak musika barrokoan murgilaraziko dituzte ikus-entzuleak, bitxikeriez josita. Korrontzi taldeak Koplariak ikuskizuna eskainiko du hilaren 18an; Xabier Amurizaren letrak dituzten abestiak Oinkari dantza taldekoen mugimenduekin jantziko dituzte. Azken egunean, hilak 25, Les Bobe-Bobe antzerki taldearen Eta KiTTorik ez! antzezlana izango da.

Ia 8.000 sarrera jarri dituzte salgai eta Euskalduna Jauregiaren webgunean eta ohiko kanaletan eskura daitezke. Sarreren prezioak  14,50 eta 26,50 euro artekoak dira. Jakinarazi dutenez, biltzen den diruaren %85 artista eta konpainientzat izango da.