"Aura-farming", besteek norberarekiko izan dezaketen pertzepzio positiboa lantzea
Z belaunaldikoa bazara ziur asko sareetan eta Interneten zabaldu den termino hau ezagutuko duzu, baina "aura-farming" ezezaguna bada edota nondik atera den ez badakizu, irakurtzen jarraitzea gomendatuko dizut.
"Aura farming" esamoldeak bideojokoen munduan du jatorria. Izan ere, jokalariek "to farm" edo "lantzea" terminoa erabili izan dute bideojokoen barruan esperientzia, txanpon, baliabide edota bestelako edozein sari lortzeko helburuz lan edo ekintza bat errepikatzea izendatzeko. Pertsonaia hobetzeko ohikoa izaten da puntuak edo objektuak pilatzeari denbora eskaintzea. Gamerren edo bideojokoen mundutik Interneteko bestelako eremuetara ere egin du jauzi esamolde horren erabilerak, eta eguneroko egoerak edo jardunbideak deskribatzeko ere erabiltzen hasi dira.
Aura, berriz, karisma, norbere presentzia, estilo eta gaitasunarekin arreta ematearekin lotzen da. Pertsona horren segurtasunak, jarrerak eta izaerak miresmena sortzea da kontua.
Beraz, norbait "aura farming" edo "aura lantzen" aritzea jendeak norberarekiko duen pertzepzio positiboa handitzeko ekintzak egitea da. Keinu dotore bat izan liteke, erantzun azkar eta bixi bat, zein aparteko jokabidea, estiloa, presentzia edo segurtasuna transmititzen duen jarrera izatea. Eta hori guztia askorik behartu gabe lortzeko gai izanez gero, orduan eta hobe.
Esamolde hori puntu bidez ere adierazten dute askotan Interneteko erabiltzaileek eta honelakoak idazten dituzte eguneroko zenbait bideotako portaerak ikusita: "aura mugagabea du", "1000 puntu aura" edo "-5000" dituela esanez.
