Aukeran dantza konpainiak 'Migratzaileak' ikuskizuna eskainiko du Bilbon

Aukeran dantza konpainiak 'Migratzaileak' ikuskizuna eskainiko du Bilbon Mugimenduaren bitartez, migrazioaren gaia landuko dute, "mina ukatu gabe, baina enkontruak ospatzeko prest". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aukeran-dantza-konpainiak-migratzaileak-ikuskizuna-eskainiko-du-bilbon/@@download/image/20211218_Aukeran_Migratzaileak2-Benat-Lizaso-Argz-scaled.jpg
2022/03/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mugimenduaren bitartez, migrazioaren gaia landuko dute, "mina ukatu gabe, baina enkontruak ospatzeko prest".
Aukeran dantza konpainiak 'Migratzaileak' ikuskizuna eskainiko du Bilbon

Donostiako dFerian aurkeztu ondotik, Aukeran dantza konpainiak Migratzaileak ikuskizuna taularatuko du Bilboko Arriaga Antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan. Emanaldia ostiralean izango da, hilak 25, 19:30ean. 

Sortzaileek adierazi dutenez, "migrazioa mugimendu da, eta mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekia egon mugimendua abiatzeko, irekia egon mugimendua jasotzeko".

Hain zuzen ere, dantza konpainiak horixe bera proposatzen dio publikoari emanaldi honetan: mugimenduari irekitzeko ariketa bat. "Ireki gogoak, ireki kuriositatea, ireki gorputzak. Ez dadin norbera izan hormarik altuena. Irekitasuna adierazi dantzaren bitartez, jarrera eszenikoaren bitartez. Historiari begiratu, gure mina besteena ere badela oroitzeko. Mina ukatu gabe, enkontruak ospatzeko prest egotea da publikoari proposatzen zaiona. Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea", azaldu dute.

Edu Muruamendiaraz da obraren zuzendaria eta Oier Guillanek idatzi du gidoia. Xabi Aburruzaga arduratu da musikaz eta koreografiaz, berriz, Muruamendiaraz bera eta Iker Karrera.

Ordubeteko iraupena du ikuskizunak eta sarrerak hemen daude salgai.