Audrey Tatou: Irri leuneko iratxoa

Audrey Tatou: Irri leuneko iratxoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
New Yorken bizi izan balitz, Tiffany´s bitxi-dendaren aurrean topatuko zukeen ziurrenik Audrey Tatou atsegina Jean-Pierre Jeunetek. Baina Parisko auzune apal batean aurkitu zuen. Tonie Marshall finaren ileapaindegian, hain zuzen. "Vénus Beauté" iradokitzaile hartantxe. Portzelana bezain hauskorra zirudien neskatoa. Herabea eta ixila. Harribitxi txiki bat. Haren begi ilunek, gau koloreko perla beltz haiek, berehala sorgindu zuten Jeunet. Malenkoniaz zizelkatutako faro itzaliak ziruditen arren, alaitasunaren distira berreskuratzen zutelako, irribarre leuna lagun zutenean. Zinema mutuko izar ahantzien adierazkortasunez nahiz margo espresionisten liluraz ere blaituta baitzegoen Audrey maitagarria. Amelie xaloa.
Frantziako Beaumont herrian jaio zen Audrey Tatou ederra 1978ko abuztuaren 9an. Aita dentista zuen. Ama, berriz, irakaslea. Haurtzaroan tximinoen zaintzan lan egitea zuen amets. Alta, Letra Berrietan diplomatu zen. Antzezpenaren tentazioa saihestezina gertatu zitzaion, baina. Hortaz, antzerkian zein telebistan lanean igaro zuen nerabezaroa. Tonie Marshallen "Vénus Beauté" gazi-geza izan zen bere estreinako filma. Bertan egindako lan aparta medio, César saria bereganatzeaz gain, oso ezaguna egin zen Frantzian.
Ospeak zinema eskaintza anitz ekarri bazizkion ere, ez zituen filmak behar bezala aukeratu. Serge Meynarden "Voyous voyelles", Harriet Marinen "Épouse-moi" eta Laurent Firoderen "Le battement d'ailes du papillon" arruntak dira horren lekuko. Nolanahi ere, Gabriel Aghionen "Le libertin" nardagarria da zaporerik mikatzena utzi diona: "biluztea ez da arazo niretzat. Le libertin filmeko sexu eszenak, ordea, ez nituen atsegin izan. Baina beranduegi zen atzera egiteko".
Jeuneten Amelie irudimentsuarekin erdietsitako arrakastak hobe hautatzeko aukera eskaini dio. Hala, Cédric Klapish laudatuarekin "L'auberge espagnole" erakargarria egin berri du eta Stephen Frears interesgarriaren "Dirty Pretty Things" errodatzen ari da egun Londresen. Hollywoodek lorik kentzen ez dion arren,  Woody Allen, Bertrand Tavernier edo Julio Medemekin gustura egingo lukeela lan aitortu du. Bere bizitza pribatuari buruz ezer gutxi dakigu. Lotsatia ezezik, ixila ere baita Audrey. Mutil-laguna du baina maitale iragankor bat besterik ez dela dirudi. Bere begi ilunen tristezia lapurtuko duen maitasunarekin egiten baitu amets gauero Montmatre auzoko kafetegi bakartienean.