Audience: "Udako festibal erraldoietaz gain, MAZ bezalako bestelako ereduak ere behar ditu musikak"

Audience: "Udako festibal erraldoietaz gain, MAZ bezalako bestelako ereduak ere behar ditu musikak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/audience-quotudako-festibal-erraldoietaz-gain-maz-bezalako-bestelako-ereduak-ere-behar-ditu-musikakquot/@@download/image/audience_2_1432191961.jpg
2015/05/21
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)
MAZ Basauri jaialdiaren inguruan eginiko elkarrizketa sorta Gernikako Audience boskotearekin itxiko dugu. 2001ean igo ziren lehen aldiz agertoki gainera, eta orduz geroztik ez dira gelditu. Gaizka eta Ager Insunza anaiekin hitz egin dugu.


Big Affair bilduma kaleratzear zenutenean GAZTEZULOn elkarrizketatu zintuztegun 145. zenbakian. Nolako harrera izan zuen azken lanak?

Jendearen harrera oso ona izan zen, eta hedabideetan ere oihartzuna izan zuen... Hala ere, gure bizitzak ez dira aldatu. Kar, kar, kar.

Anariren lan berriaren aurkezpenean jakin genuen Agerrek ere parte hartu duela. Noiz eta nola suertatu zen?

Anari aspaldi ezagutu eta miresten dugu, eta noski, plazera da bere diskoetan parte hartzea. Azken urteotan beste proiektu batzuetan parte hartzeko joera areagotu da Audience taldeko kideotan. Adibidez, Agerrek, Anariz aparte, Joseba Irazokiren diskoan eta biran parte hartu du, la M.O.D.A. taldearen diskan, eta baita Gaizka Capsularekin ere. Hannot, bestalde, El Txef-A-rekin dabil, adibidez. Asko ikasten da jende ezberdinarekin joaz, eta oso aberasgarria da taldearentzat.  

Zuek zertan zabiltzate orain? Zein proiektu duzue eskuartean?

Ba, duela ordu erdi larunbateko kontzerturako entseguan murgilduta ginen. Kar, kar, kar.  Epe laburrean, BERDE produkzioakeko lagunek ekoitzi eta zuzendu duten "Jai Alai Blues" dokumentalaren musika grabatzen ariko gara. Beraz, Amerikanuak dokumentalarekin hasi genuen lankidetza indartzen doa.

Larunbatean Socil Antzokian ariko zarete. Zenbaterainoko garrantzia du zuentzat aurten MAZ Basauri jaialdian jotzeak?

Gogo handiarekin ekiten diogu kontzertu honi. Izan ere, oso kartel erakargarria osatu dela pentsatzen dugu, eta udako festibal erraldoietaz gain, bestelako ereduak ere behar ditu musikak. MAZ bezalako festibalek erakusten dute hau posible dela. Izar handirik eta azpiegitura erraldoirik gabe, koherentzia eta dibertsitatea eskaintzen du MAZek.

Aurreko edizioetan ikusle gisa izan zara?

Ba, egia esan ez nago ziur… Basaurin kontzertu asko ikusi ditugu, eta baita jo ere, baina ez dakigu MAZen egitarauaren baitan ziren…  Kar, kar, kar.

Amaitzen joateko, kontzertuaren aurrerapenik egiterik bai?

Azken diskoko abestiei arreta berezia eskeiniko diegu, baina gure ibilbide osoa errepasatuko dugu.

Ruper Ordorikarekin agertokia konpartituko duzue oker ez banago. Zenbaterainoko garrantzia du zuentzat hitzordu honek?

Ba oso pozik, Ruper figura bat baita!

Beraz, kontzertura joateko zalantzan denari zer errango zeniokete?

Ruper Ordorika entzutea nahikoa ez bazaie, eskaintza berean Audience ere hortxe egongo garela!