‘Atzo, gaur eta beti’, Euskal Herria Internazionalista

‘Atzo, gaur eta beti’, Euskal Herria Internazionalista https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atzo-gaur-eta-beti-euskal-herria-internazionalista/@@download/image/askapena_brigad_1456925168.jpg
2016/03/10
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
‘Atzo, gaur eta beti’, Euskal Herria Internazionalista
Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionala helburu, nazioarteko hamaika herrirekin elkarlanean aritu da, 1987an sortu zenetik, Askapena erakundea. 80ko hamarkada amaieran, Nikaraguako iraultzaren harira hasi ziren euskal brigadistak bidaltzen, bertako ekarpen internazionalistak ekartzeko asmoz, eta orduz geroztik, "parte hartu dutenen kopurua zehaztea oso zaila den arren", guztira, azken hamarkadetan, 2.000 brigadista baino gehiagok parte hartu dutela baieztatu digu Askapena erakundeko Julen Zulaikak.

Urtetik urtera, hainbat dira brigadek uztartu dituzten herrialdeak, eta aurten, zehazki, Mexiko, Venezuela, Brasil, Argentina, Uruguay, Bolivia,  Palestina, Sahara, Grezia, Sardinia, Katalan Herriak eta Andaluzian zabalduko dira brigadak.



Izen emate epea itxita, udan abiatuko diren brigadisten prestakuntza lanak hasten dituzte Askapeneko kideek. Lehenik, "brigadisten ezaugarriak biltzen dira eta bailara mailako topaketa batzuen bitartez oinarrizko formakuntza saioa egiten da". Ondoren, nazio mailako formakuntza saio orokorrak antolatzen dituzte, "garrantzitsua baita trebakuntza, beste herri eta errealitate batera joanik, behar bezala prestatua egotea elkarlana ahalik eta aberatsen izan dadin, geuretzat eta haientzat", azpimarratzen du Zulaikak.

Era berean, brigaden bilakaera aldatzen joan dela aipatu dute Askapena erakundetik. "Urterik esanguratsuenetan, Nikaraguako altxamenduan eta zapatismoaren altxamenduetan, esaterako, ehunka lagun bertaratzen ziren urtero. Azken urteetan, aldiz, 50 eta 80 lagun inguruk parte hartu dute", gogoraten du.

Brigaden inguruko informazioa eta esperientziak biltzeko asmoz, azken urteotan protagonista izan diren bi brigadistekin solastu gara.

Ihintza Bidart: "Bizitzan behin joan behar da brigadetara, zinez jakiteko zer den"



Askapenaren Baztango adarra sortu zuen, "hainbat lagunekin batera", Ihintza Bidartek (1992, Baigorri), eta 2015eko brigaden aurkezpenean piztu zitzaion esperientzia hori bizitzeko interesa.


2015eko udan Galiziako brigadetan izan zinen. Zein lan egin behar da hara joan aurretik?
Galiziara joan aintzinetik hainbat formakuntza saio egin nituen. Lehenik, gainontzeko brigadistekin batera, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako saio batean, eta baita Askapenak antolatutako formakuntza asteburu batean ere, Donostiako Kortxoenea gaztetxean. Ondotik, brigadara joan aintzinetik, hango egoera landu genuen eta baita Euskal Herriko historia eta egoera politikoa ere.

Eta itzulitakoan?

Han bildutako informazio guztia bildu behar da, bilana egiten da, argazki bilduma bat sortu, etab. Helburua da Euskal Herrira itzultzean, gai izatea han ikasi eta ikusitakoa azaltzeko.

Nola izan zen Galizian egon zinen hilabetearen bizimodua?

Euskal Herritik sei lagun joan ginen, arabar bat, gipuzkoar bat, hiru nafar eta ni neu, Iparraldetik. Talde bikaina osatu genuen. Han, lo egiten genuen gure kontaktu batzuen etxeetan.

Zer ikasi duzu esperientzia hartatik?

Anitz. Lehenik, Askapenak prestatua zuen Euskal Herriaren historia eta gaur egungo egoera aurkezteko dokumentuak gogoetarazi nituen. Bakoitzak bere irakurketa egiten zuen eta interesgarria izan zen. Ondotik, han ikasi nuen, bertako egoera politikoa, ekonomikoa, gizarte antolaketa, hizkuntzaren egoera...

Errepikatuko al zenuke?

Galiziara berriz joanen naizela argi dut, han ezagutu ditugun pertsona on eta interesgarriak berriz ikusteko gogoz naizelako. Eta aurten brigadista gisa joanen ez naizen arren, Kubatik itzuli naizelako han ere anitz ikasita, badakit gisa hartako bidaiak eginen ditudala.

Azkenik, izena emateko zalantzan denari zer gomendatuko zenioke?
Bizitzan behin joan behar da brigadetara, zinez jakiteko zer den. Esperientzia guztiak desberdinak dira eta bakoitzak desberdinki bizi izaten ditu. Eta sekulako esperientzia da, ezezagun batzuekin joan nintzen arren, lagun talde osatuarekin itzuli bainintzen!

Jon Mikel Fernandez: "Kazetari eta militante bezala aberasten naute brigadek"



2011n Argentinako brigadetan estreinatu zen Jon Mikel Fernandez kazetaria (1983, Donostia) eta iazko udan, lau urte geroago, Palestinako brigadan errepikatu zuen.


Nolako esperientzia bizi izan zenuen iaz Palestinan?
Sekula ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen. Bizitza tristea eta ederra dela zioen Joxe Ripuak bere disko batean, gogoratzen? Ba, Palestinakoa horrela definituko nuke. Tristea, zapalduriko herri bat delako eta alaia, zapalkuntza horren gainetik duintasunaren, erresistentziaren eta bizi gogoaren irribarra marrazten zaielako beti aurpegian.

Hala ere, 2011n Argentinan parte hartu zenuen brigadetan. Zenbaterainoko aldaketa egon da esperientzia batetik bertzera?
Argentinakoa nire lehen esperientzia izan zen brigadista gisa eta oroitzapenak oso presente ditut oraindik. Han ezagutu nituen lagun eta militanteak, bertatik bertara bisitatu genituen fabrika autogestionatuak, diktadura garaiko errepresioaren oinazea... Palestinarekin alderatuta oso desberdina izan zen Argentinako brigada, baina bietan inoiz ahaztuko ez ditudan pertsonak ezagutu nituen. Horrekin geratzen naiz, pertsonekin.

Kazetari gisa esperientzia hauek zer eman dizute?

Hasteko, liburuetan, aldizkarietan edo interneteko atarietan sekula topatuko ez nituen bizipenak eta sentimenduak. Gauza bat da palestinarrek pairatzen duten injustiziaren inguruan irakurtzea, eta beste bat, oso desberdina, injustizia hori bertatik bertara ikustea eta sufritzea. Niretzat kazetaritza militatzeko modu bat da eta brigadek, kazetari eta militante bezala aberasten naute.

Zer erranen zenuke behar duela brigadista batek?

Jakinmina eta errespetua ondo uztartzea da gakoa. Zure zilborarri begira pozik bizi baldin bazara, ez joan brigadetara. Hori bai, mundua ezagutzeko grina baduzu, kultura berriak ezagutuz zurea aberastu daitekeela uste baduzu eta, batez ere, borrokak batzen gaituela pentsatzen baduzu, brigadak aukera ona dira hori guztia praktikan jartzeko.

Amaitzeko, zer erranen zenioke 2016ko brigadetan izena emateko zalantzan diren lagunei?

Zalantzak izatea normala dela, denok ditugu. Nik ere zalantza asko izan nituen brigadetara joan aurretik. Hori bai, espero dut elkarrizketa honekin zalantza horietako batzuk behintzat, uxatzen lagundu izana!