Atzerrian musika eta dantza birak egiteko dirulaguntzak

Atzerrian musika eta dantza birak egiteko dirulaguntzak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atzerrian-musika-eta-dantza-birak-egiteko-dirulaguntzak/@@download/image/20117228977etxepare.jpg
2012/12/13
berria
Abuztuaren 22a bitartean eskatu ahalko dira Etxepare Euskal Institutuaren bidez. 2011ko kontzertu eta ikuskizunei zuzentzen zaizkie.

'Euskara jalgi hadi mundura!' da Etxepare Euskal Institutuaren leloa. Euskal kultura nazioartean zabaltzea da bere egiteko nagusia, eta Euskal Herritik kanpo burutuko diren musika eta dantza birak egiteko dirulaguntzak atera ditu horretarako.

Musika taldeen biretarako 157.905 euro banatuko dira. 2011ko birak izan behar dute, Euskal Herritik kanpo gutxienez sei kontzertu eta lau plaza desberdin hartzen dituztenak. Hogei lagun baino gehiagoko taldeak ez dira diruz lagunduko eta herriko festetako programen baitan edota kontraturik gabe emandako kontzertuak ere ez. Gehienez gastuen %70a estaliko da iturri honetatik eta dirulaguntzak ez du birako 15.000 euroko muga gaindituko.
Dantza biretarako laguntzen zenbateko orokorra 28.710 eurokoa da. Talde profesionalei eta hamabost kide baino gutxiago dituzten taldeei dago zuzendua. Euskal Herritik kanpo egindako biren gastuen %70 estaliko da gehienez bide honetatik eta laguntza bakoitza ez da 10.000 eurotatik pasako. Ikuskizun bakoitza atzerriko bost leku ezberdinetan taularatu beharko da gutxienez.

Azkenik musika alorreko argitaletxeei zuzenduriko dirulaguntza bat ere bideratu da, 9.570 eurokoa, atzerrian egiten diren musika azoketan parte hartu ahal izateko.

Gutxinaka ari dira euskal taldeak atzerrian ateak eta leihoak irekitzen. Berri Txarrak Asian ibili zen duela ez asko, Kuka dantza taldeak Parisen eman zuen ikuskizuna, Esne Beltza Japonian zehar ibili zen, Joxe Ripiau Croazia eta Errusia aldean, Fermin Muguruzak mundu erdia egina du…. Badaukagu Euskal Herrian nahikoa kalitate edozein eszenatokitan ikuskizun bikainak emateko, eta EAEko taldeek bide honetan aurrera egiteko bultzada berri bat lor dezakete laguntza hauekin.

Abuztuaren 22a arte aurkez daitezke eskariak. Informazio gehiago nahi duenak Etxepare Euskal Institutuaren webgunean aurkituko du.