Atzerrian eta patrika zulatu gabe

Atzerrian eta patrika zulatu gabe https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atzerrian-eta-patrika-zulatu-gabe/@@download/image/52p20-1_1366751117.jpg
2005/05/06
erreportajea
Mayi Tolosa
Duela gutxi arte, atzerriko bidaiak aurreikuspen handiz prestatu behar izaten ziren beti. Gaur egun ez da horrela: atzo animatu, gaur motxila prestatu, eta bihar, auskalo munduko zein txokotan izango zaren! Uda honetan, zatoz atzerrira gurekin!

Europan trenez ibiltzea, hegazkina hartu eta Londresen egun batzuk egitea… guztiak izan daitezke plan politak. Zenbat egun dituzun eta zenbat sos dituzun kontuan hartuta, bata edo bestea aukera dezakezu.

Interaila

Anaia, lehengusua edo lagunaren izeba. Nork ez du entzun zeinen errentagarria den interail txartela hartzea, eta herriz herri, motxila bizkarrean, Europa ezagutzea!

Hain zuzen, duela 33 urte sortu zen Interail zerbitzua, Europako trenetan bigarren klasean bidaiatzeko txartela oso merke eskainiz, eta bidaiariari txartela nahi beste erabiltzeko aukera emanez.

Hasieran, Interail delakoa gazteei zuzendutako ideia izan zen, baina gaur egun, adin eta egun kopuru ezberdinetarako eskaintzak eskaintzak daude. Beraz, zure gustukoa aukeratzea da gakoa.

Interail-ek 8 zonatan banatzen ditu Europa eta Afrika iparraldea. Bidaiariak zona horietatik bat, bi, hiru edo guztiak aukera ditzake. Bi zona baino gehiago hartzen badituzu, zona guztiak hartzen dituen txartela erostea da zentzudunena, horrela merkeago aterako zaizu eta. Aipatu zona horiek mapa batean ikusi nahi badituzu, ondoko helbidera jo dezakezu:
www.interrailnet.com/zonemap.dhtml?country_id=24,language_id=22,type_country=I

Zer egin behar da?

Lehenik eta behin, txartela eros ezazu. Txartela Renferen bulegoetan eskuratu ahal izango duzu (baita bidaia egin baino hiru hilabete lehenago ere). Behin bidaia hasita, nortasun agiria edo pasaportea gainean eraman behar duzu beti, eta arreta handiz ibili behar duzu, txartela galdu gabe (izan ere, galduz gero, ez dizute berririk emango, ezta dirurik itzuliko ere).

Horrez gain, ondorengo aholkuak kontuan hartzea komeni zaizu:  
1- Hego Euskal Herrian bizi bazara, Hendaian har ezazu trena. Hendaiatik abiatuz gero, zona bat aurreztuko duzu, ez da txorakeria gero!

2-
Motxilan pisu gutxi eraman. Horrez gain, motxila txiki bat eraman ezazu, hartara, motxila handia kontsignan edo lo lekuan utzi, eta motxila txikiarekin irten ahal izango zara kalera, bizkarrik apurtu gabe.

3-
Gutxi gorabeherako ibilbidea prestatzea komeni da. Hala ere, polita da egunero nora joan beha duzun erabaki eta inprobisatzea. Bakoitza, bere gustura!

4-
Egun osoan alde batetik bestera ibili ondoren, tarteka, trena har dezakezu lo lekutzat. Dirua aurrezteko modu ona da, eta nekearen nekeaz, seko lo geratuko zara… Hurrengo egunean, aterpetxe batean, egin ahalko duzu lo goxo-goxo.

5-
Taldean ala bakarrik? Bakarrik joateak erabateko askatasuna ematen du, eta gainera, bidean jendea ezagutuko duzula argi dago. Taldean joanez gero, aldiz, oroitzapenak norekin konpartitu izango duzu.

6-
Koadernotxo bat eraman ezazu, eta lau lerrotan bada ere, idatzi egunero zer egin duzun. Hartara, esperientzia ahaztezin hori idatzita geratuko zaizu. Merezi du.

7-
Intereseko telefonoak: Nazioarteko Renfe: 902 24 34 02. Rail Europe Espainia:  915478442 www.inter-rail.org

Autobusez kontinente osoa

Trenak bere xarma du; garraioa baino, bidaiatzeko modu bat baita. Dena den, badira atzerrira merke bidaiatzeko beste modu batzuk; autobusa, esaterako.
Autobusez, Eurolines Pass delakoarekin, kontinente osoan egin ahal izango duzu bidaia. 500 helmuga izango dituzu aukeran! Nahi adina autobus hartu ahal izango duzu, baina zein preziotan? Udan hauek dira gazteentzako prezioak:

Hegazkinak ere merke

Duela urte batzuk horrelakorik pentsatu egin ere ez zitekeen arren, gaur egun hegazina autobusa eta trena bezain merke atera daiteke (eta batzuetan, baita merkeago ere).

Prezioak egunez egun aldatzen dira, eta interneten arrantzan ibiltzea izaten da onena. Zortea izanez gero, zure bizitzako bidaia ezin merkeago egiteko aukera izango duzu. Motxila prestatu, eta interneten sartu. Erlojuz kontrakoa hasi da: nora joango gara? Zer dago merke? Horixe erosi eta martxa! Hala ere, kontuan hartu behar duzu, internet mundu honetan bizkor ibiltzea dela gakoetako bat.

Hainbat helbide interesgarri: www.ryanair.com, www.vueling.com, eta www.edreams.com

Interail



 Prezioak  (<26 Urte)
(>26 Urte) 
Zona bat (16 egun)
 210 euro
 299 euro
Zona bi (22 egun)
 289 euro
 409 euro
Osoa (hilabete)
 399 euro
559 euro

Autobusa



 Prezioak Euro
 15 egun udan
275 
 30 egun udan
355
 40 egun udan
420

Aterpetxeak eta txartelak


Europan, aterpetxeetan ostatu hartzeko, txartela behar izaten da. Aipatu txartela ez da garestia, eta zure herriko gazte informazio bulegoan eskuratu ahal izango duzu (gainera, beherapena izango duzu hainbat lekutara sartzeko, hainbat garraio hartzeko eta abar (www.iyhf.org).

Dena den, ez da hori txartelaren abantaila bakarra. Horrez gain, ISIC ikasle txartela, ITIC irakasle txartela, eta YTIC gazte txartela ere eskura ditzakezu (www.istc.org). Horiekin guztiekin, bidaia merkeago irtengo zaizu. Ekin, beraz!