Atzera begira

Atzera begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atzera-begira/@@download/image/34p22-1_1368695234.jpg
2003/10/03
erreportajea
Armairua berritzeko garaia heldu da. Udazken eta neguan Euskal Herriko kaleetan ikusiko diren jantzien berri izan nahi baduzue, segi irakurtzen. Denetarik dagoen arren, neopunk estiloa da joerarik aipagarriena.

Punk is not dead. Eskoziar koadroak, kateak eta pintxoak betebetean datozkigu kale eta dendetako erakusleihoetara. Horixe izango da udazken eta neguko joera nagusia. Udan ere izan da punkerako nolabaiteko joera, kateez beteriko galtza beltzak non-nahi ikusi ditugu eta. Zuhaitzetako hostoak erortzearekin batera, punk-a indartsuago datorkigu arropan zein osagarrietan.

Ekialdeko inspirazioa duten soinekoek eta alkandorek ere indartsu jarraituko dute gurean: lore txinatarren marrazkiak, "Mao" lepoak… Beraz, udan erabilitakoak baliagarri izango zaizkigu, hotz gehiegi egiten ez duen egunetan. 

Galtzetan, pana, bakeroak eta melokotoi delako ohial leuna asko erabiliko dira. Bestalde, betiko galtza eta kanpantzarrez gain, estu-estuak eta bonbatxoak itzuliko dira.

Koloreei dagokienez, jantzi zuri edo beltzak ezinbestekoak izango dira, edozein momentu eta tokitarako egokiak dira eta. Bestalde, granate, urdin, berde, kaki eta gorriak irudi ederra emango diete Euskal Herriko kaleei.

Mutilak, ez hain ausart
Mutilengan ere zenbait gauzatan punk-erako joera egongo den arren, moda neutroagoa nagusituko da. Galtzetan pana eta bakeroak izango dira nagusi, eta pixkanaka, kanpantzarra erabiltzen hasiko dira.

Paparra nabarmentzen duten elastiko estuek ere arrakasta izango dute. Aurtengo udazkena, bestalde, ez datorkigu oso koloretsu mutilen elastikoetan: gorria, kakia eta zuria aurkituko ditugu denda gehienetan. Batzuetan, hala ere, beltzarekin nahastutako kolore argidun elastikoak ere ikusiko dira. 

Moda kontuetan aurrea hartzea gustuko duten mutilentzat, berriz, Japoniako arropa iristen hasi da hainbat dendatara.

Bero-bero
Oso negu hotza datorkigunez, jertseak eta berokiak kontuan hartu beharko ditugu, goxo-goxo ibili ahal izateko.

Jertseetan inon baino nabariagoa izango da aniztasuna. Puntua asko eramango da, baina artilezko jertse lodietatik kotoizko puntu finera doan sorta zabalean izango dugu non aukeratu. Koloreei dagokienez, biziak zein zaharkiturikoak aurkituko ditugu. Eta lepo altuko jertseak ez ezik, lepoa agerian uzten duten lepo borobildun jertseak ere jantzi ahal izango ditugu. Aurten, beraz, orotariko jertseak aurkituko ditugu. Joera bat aipatzekotan, eskumutur aldean zabalatzen diren mahukak nabarmen ditzakegu. 

Berokiek garrantzi berezia hartuko dute; hotzaz babesteaz gain, galtzarekin osotasun  irudia ematen dutenak erabiliko dira. Anorak laburrez gain, belaunetarainokoak ere asko ikusiko ditugu. Eta, noski, mendiko zira eta forro polarrak ez dira desagertuko.

…eta ibili munduan
Oinetakoei ere txoko bat egin behar diegu. Neskentzat, takoiek indartsu jarraituko dute. Aurtengo berezitasuna aurrealde puntaduna duten zapatak izango dira, garai bateko cowboy filmeetan ikusten zirenak bezalakoak. Mutilentzat, aldiz, plataforma txikia duten zapatak.

Moda kontuetan zapatak garrantzitsuak badira, zer esanik ez bestelako osagarriak. Zorroak eta gerrikoak ditugu ohikoenak. Hasieran aipatu dugun punk joera gerrikoetan nabarituko da gehien, pintxo eta kate ugari izango baitituzte. Zorroetan denetarik izango dugu, baina helduleku txikikoak eta koadro eskoziarrak nabarmenduko dira.

Horiexek dira, bada, datozkigun moda kontuak. Hala ere, ez ahaztu: oraindik, behintzat, gustuetan ez dago legerik. Beraz, bakoitzak nahi bezala koloreztatu dezala bere irudia.