Atseden hartzea ere produktiboa da
Beharrezkoa da gauza txikietan arreta jartzea, ondo sentiarazi eta lasaitzen gaituzten gauza horietan. Ohartu beharra dugu ez gaudela mundu honetan produktiboak izateko soilik.
Uda erlaxatzeko sasoi moduan hautematen da, beroak zain ditugun zereginak urtzen ditu eta harreman sozialetarako tarte handiagoa utzi. Oporren garaia izan ohi da, askok lasaitasun bila bidaiatzen dute.
Urte osoan zehar, ohituta gaude une oro produktiboak izaten, eta, horregatik, oporrak iristen direnean, inoiz baino zailagoa da deskonektatzea. Asko dira oporretan ere posta elektronikoa begiratzen dutenak, adibidez. Zu zara horietako bat? Egoera hau arazo bilakatu liteke, ez zuretzat bakarrik, baita ingurukoentzat ere. Horregatik, ona hemen uda honetan, benetan, deskonektatzeko hainbat aholku:
Sare sozialetako eta postako jakinarazpenak kendu
Laneko mugikorra baldin baduzu, itzali ezazu. Hau ezinezkoa bada, jakinarazpenen aukera deskonektatu. Egiten ari zaren horretan arreta jartzen lagunduko dizu, izan ere, mezuak zuk erabakitzen dituzunean soilik kontsultatuko dituzu. Laneko aplikazioak baldin badituzu, ahal izanez gero, desinstalatu itzazu oporretan zauden bitartean.
Errutina atsegingarria sortu
Oporrak errutina bat sortzeko ez dira aproposenak, baina batez ere goizetan gomendagarria da. Gutxi gorabehera antzeko orduan esnatu, ariketa egin, gosaldu edota ordu erdiko tartea irakurtzeko hartu. Ekintza hauek garuna argitzen lagunduko dizute egunean zehar egingo dituzun jarduera ezberdinekin (planifikatuak ala ez) gozatzeko beta eskainiz.
Ezer ez egiteko aukera eskaini zure buruari
Aurreko aholkuarekin kontraesanean dagoela badirudi ere, egun batzuetan nagi esnatu ohi da gure gorputza. Eta hori ere ondo dago. Garun osasunarentzat onuragarria da ezer ez egitea, besterik gabe altxa eta gorputzak eta garunak momentu horretan eskatzen dizutena egitea, estualdi eta pretentsiorik gabe.
Kalitatezko denbora igaro maite ditugunekin
Maite ditugunekin pasatzen dugun denbora gehitzea eta kalitatea hobetzea ez da beti erraza. Egunerokotasunean lana oztopo izan ohi da horretarako. Maite ditugunekin kalitatezko uneak partekatzeak, ordea, mugikorretik deskonektatzen lagundu gaitzake. Kontzertuetara joan gaitezke eurekin, zinera edo afaltzera, aukerak infinituak dira.
Eleberri bat irakurri
Lanetik etxera itzultzean askok telesail edo programa batekin itzaltzen dute euren garuna. Udan, zergatik ez ordezkatu eleberri batengatik? Liburuetan dagoen fikzioak eta irakurketak garuneko gune ezberdinak estimulatzen ditu eta irakurlea erlaxatu ohi du, pertsonaia ezberdinen bitartez abentura berriak bizitzeko aukera eskainiz.
Deskonektatu, baina ez udan bakarrik
Udan deskonektatzea askorentzat erraza izan liteke, baina behin errutinara itzulita zenbait ohitura mantentzea gomendagarria da. Baina posible al da? Egokiena errutina berriak lanak utzi ohi digun tarteetan txertatzea da. Kirola egin esnatzerakoan, presarik gabe gosaldu, osasuntsu jan, bulegora etxetik janaria eramanez, eta kalitatezko momentuak eskaini maite ditugunei lan eguna amaitzean. Horiek dira garun osasunerako gakoak eta, honenbestez, produktiboagoak izateko gakoak ere bai.

