Atom Rhumba: urrutirako bidean

Atom Rhumba: urrutirako bidean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atom-rhumba-urrutirako-bidean/@@download/image/42p11-1.jpg
2004/06/04
erreportajea
Julen Azpiarte
Atom Rhumba: urrutirako bidean
Unerik gozoena bizi du Atom Rhumba rock'n'roll laukote bilbotarrak. "Backbone Ritmo" izeneko laugarren diskoa atera berri dute Munster zigilu madrildarrarekin.

Kritika paregabeak jasotzen ari da Atom Rumbaren laugarren diskoa. Taldeak lan franko egin zuen estudiora sartu aurretik, eta hori agerian geratu da. "Aurreko akatsak saihestu ditugu, eta gure nortasuna gehiago definitu dugu. Egin dugun disko zintzoena da, baina baita lan gehien eman diguna ere", argitu digu Rober, taldeko gitarra jotzaile eta kantariak.

Azken boladan, taldean aldaketak izan dira, batzuk joan eta besteak etorri dira, baina azkenean egonkortasuna lortu dute. "Zoritxarrez, zenbait unetan erabaki latzak hartu behar izan ditugu, baina taldearen ibilbideak eta denborak erakutsi digute bere garaian hartutako erabaki mingarriak ezinbestekoak zirela taldeak aurrera egiteko. Egun talde tinkoena dugu", nabarmendu digu Roberrek.

Eta zer du diskoak jendea hala zoratzeko? 80ko hamarkadan bertako zenbait rock`n´roll taldek —Los Bichos, Cancer Moon, edota M-ak— utzitako ondarea bere egin, eraldatu, eta konposizio gordin eta iradokitzaileak sortu dituzte. Izan ere, Los Bichos eta Cancer Moon taldeetako kideak gertu dituzte. Los Bichos taldeko Josetxo Ezpondak "One Bit Memory" kantuaren hitzak idatzi ditu, eta Cancer Moon-eko Josetxo Anitua "Gone" kantuaren erremix-az arduratu da. Rumba zale hauen musika jarioaren ardatza aniztasuna da: funk-a, country-a, post-punk-a edota elektronika tantekin zipriztindutako doinuak.

Gaur egun, diskoa aurkezten ari dira: "Azken kontzertuak orain arte emandako hoberenak izan dira eta hori nabaritzen du jendeak", azpimarratu digu kantariak. Hil honen 5ean Tolosako Bonberenea etxean izango dira Akauzazte hirukotearekin, uztailaren 14an David Bowie handiarekin joko dute Bilbon, eta 31n Japoniara abiatuko dira Fujirock jaialdian parte hartzeko. Urruti iritsiko dira bizkaitarrak.