Atlantikoko irla urrun haiek

Atlantikoko irla urrun haiek https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atlantikoko-irla-urrun-haiek/@@download/image/71p44.jpg
2007/02/02
erreportajea
Gaztezulo
Atlantikoko irla urrun haiek
Aurten 25 urte beteko ditu Argentina eta Erresuma Batua aurrez aurre jarri zituen gatazkak: Malvinetako Gerrak. Inperio kolonial zaharrarengatik britainiarrek egindako azken gerra izan zen hura.

Malvina irlak Atlantiko itsasoan daude. Bi irla nagusi daude, eta 12.170 kilometro karratu eta 2.000 biztanle inguru —soldaduak alde batera— dituzte. Argentinako kostaldea 400 bat kilometrora dago, eta Erresuma Batua, berriz, 12.000 kilometrora. Malvina irlak, ordea, britainiarrenak dira 1833tik —Falkland irlak izenarekin—. Horrek gerra sortu zuen Argentinaren eta Erresuma Batauaren artean, 1982an. Izan ere, argentinarrek beti pentsatu dute haienak izan beharko luketela irlek.  

Garai hartan, Argentinan, militarrak zeuden agintean. Diktadura krisian zegoen, hala ere: prezioak izugarri azkar aldatzen eta garestitzen ari ziren, gero eta pobre gehiago zegoen, kanpo zorra gero eta handiagoa zen, klase ertaina ere larri zebilen… Krisialditik ateratzeko eta, abertzaletasuna sustatuta, herritarren babesa eskuratzeko, Argentinako militarrek Malvina irlak hartzea erabaki zuten. Erresuma Batua oso urrun zegoen, eta Argentinako agintariek ez zuten uste kontraerasora joko zuenik irla haiengatik. Usteak erdi ustel.

1982ko apirilaren 3an, Argentinako armadak Malvina irlak hartu egin zituen. Ez zen borroka handiegirik izan. Besteak beste, britainiarrek ehun soldadu inguru besterik ez zituztelako irletan. Neurri batzuk hartu zituzten argentinarrek: leku izenak aldatzea, gaztelania hizkuntza ofizial bihurtzea eta gidatzeko arauak aldatzea… jendeak eskuinetik gida zezan.

Erresuma Batuak erantzun egin zuen, ordea. Eta Margaret Thatcherren gobernuak gerraontziak eta milaka soldadu bidali zituen. Gerra laburra izan zen, ekainaren 14an bukatu baitzen. Hala eta guztiz ere, 649 argentinar eta 255 britainiar hil ziren. 1.800dik gora lagun zauritu ziren, bestalde. Material galera ere handia izan zen. Erresuma Batuaren kasuan, batik bat: zortzi gerraontzi hondoratu egin ziren, eta beste 15ek kalte larriak izan zituzten. Gerrak areagotu egin zuen Argentinako diktaduraren krisialdia, haren aldekoen artean ere etsipena zabaldu baitzen. Handik urte eta erdira, beraz, militarrek agintea utzi zuten, eta hauteskundeetako irabazle Alfonsinek hartu zuen presidente kargua.