Atlantikaldia 2020: Asteburuan hasi eta urte guztian zehar luzatuko da

Errenterian ospatzen den aurtengo Atlantikaldia jaialdia berezia izango da, ezin bestela bizi dugun garai hauetan: Osasun larrialdi egoera dela eta, egungo segurtasun neurriekin bat datorren jaialdia formulatu behar izan dugu, jaialdia birsortu behar izan dugu; hala adierazi dute Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak.
Hiru oinarri izango ditu aurtengo kultur ekitaldi honek. Hasteko irailaren 24tik 26ra Fanderiako tenis pistan egongo den oholtza gainean ikuskizun bakarrak eskainiko dituzte nazioartetik etorritako taldeek eta euskal artistek elkarrekin.
Lehen egunean La Yegros artista argentinarra eta Ines Osinaga (Gose) igoko dira oholtzara. Guillem Roma katalana Afrika Bibang algortarrarekin ikusi ahal izango da bigarren ekitaldian, eta Art Kilo & Mamani Keita frantziarra Mad Muasel bilbotarrarekin.
Larunbatean hiru kontzertu eskainiko dira: eguerdian Pedro Pastor kantautoreak Izaro gonbidatuko du oholtzara, iluntzean Oum Alos Quartet laukotearekin arituko da eta azkenik, Che Sudaka taldea Huntza taldekoekin igoko dira agertokira.
Jaialdia ordea ez da asteburura mugatuko eta proiektu eta ikuskizunak abendura arte luzatuko dira. Baina ez da berrikuntza bakarra: Jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat kulturen arteko mestizajea eta elkarren artean eragitea da. Hortik abiatuta, harreman berriak sortu nahi ditugu, artista eta eragileen lanari bide berriak zabaldu nahi dizkiogu eta urtean zehar herriko bizitza kulturala aberastuko duten proiektu berriak aktibatu, adierazi du antolakuntzak. Hala, aurtengo jaialdiaren hirugarren ardatza, asteburuko programazioaz harago hedatuko diren diziplina ezberdinetako artisten elkarlan prozesuak izango dira,
Sarrerak
Musika saioetarako gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira: modu presentzialean Niessen Kulturguneko txarteldegian (10.00-13.00 eta 17.00-20.00) eta internet bidez, jaialdiaren webgunean, guztiak ere doan.