Atlantic Challenge: Nazioarteko gazteen olatu talka

Atlantic Challenge: Nazioarteko gazteen olatu talka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atlantic-challenge-nazioarteko-gazteen-olatu-talka/@@download/image/kirola_belazko__1444299378.jpg
2015/10/13
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Gazteak itsasora hurbiltzeko asmoz, bi urtetik behin antolatzen dute Atlantic Challenge International ekimena. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren bitartez, Euskal Herriak ontzi propioa izango du 2016tik aurrera.




1986an, itsasoak eskaintzen dituen aukerak gazteen artean ezagutarazteko gogoz, Lance Lee eta Bernard Cadoretek Atlantic Challenge ekimena sortu zuten; hamarbortz edizio bete ditu dagoeneko. Bi urtetik behin antolatzen dute nazioarteko gazteak batzen dituen topaketa, eta hainbat ekintza baliatzen dituzte itsasoaren ondarea aldarrikatzen duten bitartean neska-mutilen arteko berdintasuna sustatzeko.

Guztira, hamar egun irauten ditu topaketak, eta aipatutako baloreak itsasotik kanpo jorratzea ere bada egitasmoaren helburuetako bat. Horretarako, espazio berean biltzen dira partaide guztiak, eurentzako egokitutako kiroldegi batean, adibidez, eta modu horretan, itsasoko ekintzetatik kanpo ere, otordu eta garbiketak kasu, elkarbizitzen ikasten dute gazteek. "Janaria prestatzea, adibidez, gure ardura izaten da, eta partaide guztien koordinazioa ezinbestekoa izaten da. Egia esan, jende berria ezagutu eta elkarbizitzen ikasteko esperientzia bikaina da", adierazi du Aitor Edrosok, azken bi edizioetan parte hartu duen gazte euskaldunak.

Orain arte, hamabi izan dira Atlantic Challenge erakundea osatu duten herrialde edo lurraldeak, tartean, New York, Italia, Belgika, Frantzia, Errusia, Kanada edota Danimarka. Erakundeko kide den lurralde bakoitzak ontzi propioa izan du txapelketa osatzen duten hamahiru frogetan lehiatzeko. Urtetik urtera, baina, gero eta gehiago dira itsasogintzara gerturatu nahi duten gazteak, eta guztiei parte hartzeko aukera emateko, International Team izeneko taldea sortu zuten; erakundeko kide ez diren lurraldeetako gazteek osatzen dute. 

2016an, ordezkaritza Danimarkan
Euskal gazteek ere parte hartu dute Atlantic Challenge ekimenean, hain zuzen, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren bitartez, International Team ontzian. "Duela bost urte Pasaia-Lezoko Lizeo Ikastolako hainbat ikaslek izan zuten Atlantic Challenge barrutik ezagutzeko aukera, eta bizitako esperientzia ona ikusita, ontzi propioa izatea erronka nagusitzat hartzea erabaki genuen", aipatzen du Xabier Agotek, Albaolako lehendakariak.

Erran eta egin. Azken bi edizioetan beste lurraldeetako gazteekin elkarlanean aritu ostean, 2016an Danimarkan egingo den gazte nabigatzaileen topaketan Euskal Herriak bere kultur ordezkariak izango ditu. "Oso pozik gaude ekimen honi esker 2016tik aurrera Euskal Herriko itsasoaren ondarea eta kultura munduan barrena zabaltzeko aukera izango dugulako", borobildu du Albaolako presidenteak. 

Egunotan, Atlantic Challenge erakundean parte hartzen duten herrialdeak edizio berria antolatzeko bileretan murgildu dira, eta Euskal Herriko ordezkaritzak 2016an eramango duen taldea osatzeko lanari ekingo dio aurki. Agoteren hitzetan, positiboa da erakundeak neska eta mutil kopuru berdineko taldeak osatzeko baldintza izatea, "zoritxarrez, ez baita ohikoa izaten, eta berdintasunean hezteko aukera ematen du".



Aitor Edroso: "Ilusioa egiten dit Euskal Herriak ontzi propioa izateak"
2010ean murgildu zen Aitor Edroso (1992, Donostia) Albaola Itsas Faktoriaren bitartez nabigazioaren munduan, eta urte berean parte hartu zuen lehen aldiz Atlantic Challenge ekimenean.

Noiz izan zenuen Atlantic Challenge ekimenaren berri?

Pasaia-Lezoko Lizeo Ikastolan eman ziguten nabigazioaren mundua ezagutzeko aukera, eta aprobetxatzea erabaki nuen. Atlantic Challengean birritan egon naiz, lehenengoan Kanadan eta bigarrenean Bretainian.

Atlantic Challenge proiektuaren zein erakundearen oinarri nagusietakoa elkarlana da. Zu nola moldatu zinen nazioarteko gazteekin lanean?
Taldekideetatik hiru aurrez ezagutzen nituen, eta gainontzeko hamar lagunak ekimena hasi baino hiru aste lehenago ezagutu nituen. Egia esan, oso ondo elkar ulertu genuen, itsasoan zein itsasotik kanpo!

Hainbat modalitate ditu txapelketak. Zenbat froga daude guztira?
Guztira hamahiru froga daude, tartean, bela bidezko nabigazioa, arrauna, korapilo lehiaketa... Bakoitzak bere zailtasuna du, baina guztietan ezinbestekoa da itsasogintza behar bezala ezagutzea.

Nazioarteko gazteekin batera aritu zara. Zeinek osatzen zenuten taldea?
International Team izeneko taldean parte hartu genuen, eta beste lau herrialdetako gazteekin batera aritu ginen. Estatubatuarrek, bretoiek, errusiarrek eta guk, euskaldunok, osatzen genuen taldea. Taldekideekin oso ondo moldatu ginen, eta gainontzeko taldeetako gazteekin ere giro ona nagusitu zen.

Zenbaterainoko garrantzia du zuretzat datorren urtean Euskal Herriak talde propioa izateak?
Garrantzia bainoago ilusioa egiten dit Euskal Herriak ontzi propioa izateak, eta noski, baita bertan parte hartzeak ere!

Esperientzia horrek ateak ireki ostean, orain, Albaolan ari zara lanean. Zertan zehazki?
Ontzigintzan, arotz lanetan. Horren barruan, hainbat gauzatan nabil, adibidez, San Juan baleontziaren eraikuntzan eta bestelako ontzien mantenuan.