Asun Casasola ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da

Asun Casasola ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da Orrialde bakarreko ipuinak idatzi beharko dira, 'Iristerakoan abisatu' gaiaren inguruan. Otsailaren 10ean amaituko da epea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asun-casasola-ipuin-lehiaketan-parte-hartzeko-epea-zabalik-da/@@download/image/tumblr_abf92ba5a56b429d3a30e6ee20811c1f_6f14f32e_2048.png
2022/01/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Orrialde bakarreko ipuinak idatzi beharko dira, 'Iristerakoan abisatu' gaiaren inguruan. Otsailaren 10ean amaituko da epea.
Asun Casasola ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da

Irungo Asun Casasola ipuin labur lehiaketa martxan da eta lanak bidaltzeko epea irekita dago. Bakarka nahiz taldeka har daiteke parte, eta bi adin-tarte daude: 2005etik 2011ra jaiotako gazteak eta 2004an edo lehenago sortutako helduak. Gainera, munduko edozein txokotatik bidal daitezke idazlanak. 

Ipuinak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, baina idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du parte-hartzaile bakoitzak, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du eta argitaratu gabea. Gaia ere zehaztu dute antolatzaileek: "Iristerakoan abisatu". Izan ere, lehiaketa honek "berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea du helburu". 

Lanak bidaltzeko epea otsailaren 10ean amaituko da eta posta arruntez edo posta elektronikoz bidal daitezke. Digitalki eginez gero, asuncasasolaipuina@gmail.com helbidera zuzendu beharko da. Ipuina ezizen batekin sinatuta atxikiko da PDF formatuan, eta beste dokumentu bat datu pertsonalekin.  

Epaimahaiaren erabakia martxoan ezagutaraziko da, Emakumearen Egunaren inguruko ekitaldi berezian. Aurrez jakinaraziko zaie irabazleei. Guztira lau saritu izango dira, lau kategoritan banatuta: gazte eta helduena, eta horietako bakoitzean euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Gazteen kategoriako irabazleek 100 euroko diru saria izango dute eta helduetakoek 300 euro. Liburu-sorta bana ere jasoko dute Iruñeko Katakrak liburu-dendaren eskutik; mezu feminista duten obrak edota emakumezko autorea dutenak izango dira guztiak. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke osorik.