Aston Barret: "“Bob Marley mitoa da, jenioa, eta historiak merezi duen tokian jarri du”"

Aston Barret: "“Bob Marley mitoa da, jenioa, eta historiak merezi duen tokian jarri du”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aston-barret-quotbob-marley-mitoa-da-jenioa-eta--historiak-merezi-duen-tokian-jarri-duquot/@@download/image/2011569139aston_1361448979.jpg
2011/05/06
elkarrizketa
Aston Barret: "“Bob Marley mitoa da, jenioa, eta  historiak merezi duen tokian jarri du”"
Aston Family man Barret The Wailers-eko baxua da. Bob Marleyrekin besoz beso aritu zen 70ko hamarkadan, taldearen hastapenetan. Marley hil zenetik 30 urte beteko dira hil honetan. Barret da sorreratik taldean jarraitzen duen bakarra, eta azken hilabeteetan geldialdi dezente egin dituzte Euskal Herrian. 

Zer suposatzen du zuentzat reggae musikako "enbaxadoreak" izateak?
Harro egoteko modukoa da, eta erantzukizuna ere  bada. 40 urtean gustura eginiko lan gogorra da, beste era batean esanda. Bob Marleyren “ondarea” ez da sekula desagertuko, musika izarra izan zen eta bada, eta guretzat garrantzitsua da belaunaldiz belaunaldi eramatea, munduko bazter guztietan barrena.

Nola definituko zenuke reggae musika hitz gutxitan?

Bihotz taupadetatik sorturiko musika da, Jamaikako pultsua, eta orain gizateriaren beraren pultsua. Bob Marleyk zera zioen: “Musikak jotzen zaituenean ez dizu minik egiten; hori du ona musikak”. Reggae nazio baten, Jamaika izena duen Karibeko irla txiki baten sentimendua izan da eta bada. Hainbat kultura, arraza eta herri lotzen ditu.

Nola ikusten duzu gaur egun reggaea? Osasuntsu al dago? Ba al dago talderik The Wailersi lekukoa hartzeko moduan?

Reggae garatu egin da, eta nola gainera! Hainbat estilo sortu dira: dancehall, new roots... Ekoizpena etengabea izan da azken 30 urteetan, eta ehunka artistak goia jo dute. Reggaearen zabalkundea mundu mailan eztabaidaezina da. Hala ere, uste dut The Wailersek berez ez duela behar inori lekukoa ematea, artista eta talde askok mundu mailako aitorpena dutelako, nork bere izaera du eta bere tokia generoaren historian. Dena dela, aipatu behar da azken urteetan Jamaika krisi artistikoa jasaten ari dela eta Europan ere badira jamaikarren pare jar daitezkeen artistak; oso onak gainera. Primerako maila dago Europan.

Zer duzue The Wailerseko kideek buruan etorkizunera begira?

Etorkizuna oholtzetan dago. Urtean 200 show egiten ditugu, gehienak AEBetan. Baina Europan ere aritzen gara, noski. Disko kolaborazioak hor daude, baina etengabeko biren ondorioz ez dugu astirik estudioan gure burua sartzeko. Hala ere, beharbada laster ekingo diogu buruan ditugun proiektuetakoren bati.

Azkenaldian, Iruñean, Getxon, Donostian eta Tolosan jo izan duzue, besteak beste. Zer moduzko harrera egiten dizuete Euskal Herrian?

Publiko zoragarria da, zuzenekoarekin gozatzen du. Besarkada handi bat bidali nahi diot Euskal Herriko jendeari. Laster han joko ahal dugu berriz!

Bob Marley hil zenetik 30 urte betetzen diren honetan, ekar dezagun gogora taldeko sortzailea. Nolakoa zen?

Musikalki, Bob pertsona zorrotzena, metodikoena, eta arduratsuena zen. Ekinaren ekinez perfekziora iristen zen, eta gu edozein tokitara eta edozein egoeratan haren atzetik joatea lortzen zuen. Mitoa da, musika jenioa, eta historiak eta denborak merezi duen tokian jarri dute. Hastapenak latzak izan ziren: pobrezia, baliabide gabezia, diskoetxeen iruzurrak... Musikari baten bizitza gogorra da, merezitako aitorpena iristen den arte, baina guretzat gustuko genuena egitea nahikoa zen. Kingstonetik gentozen eta orain munduko herritarrak gara. Hori da onena!