'Asterix', 'Tintin' eta haurrentzako beste hainbat liburu baztertu ditu Kanadako Eskola Kontseilu batek

'Asterix', 'Tintin' eta haurrentzako beste hainbat liburu baztertu ditu Kanadako Eskola Kontseilu batek 5.000 liburu inguru utzi dituzte alde batera ,batzuk erre eta beste batzuk birziklatzera botata, indigenentzat iraingarriak direla iritzita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asterix-tintin-eta-haurrentzako-beste-hainbat-liburu-baztertu-ditu-kanadako-eskola-kontseilu-batek/@@download/image/obelix .png
2021/09/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

5.000 liburu inguru utzi dituzte alde batera ,batzuk erre eta beste batzuk birziklatzera botata, indigenentzat iraingarriak direla iritzita.
'Asterix', 'Tintin' eta haurrentzako beste hainbat liburu baztertu ditu Kanadako Eskola Kontseilu batek

Ontario probintziako Providence Eskola Katolikoaren Kontseiluak lurraldeko hego-mendebaldeko hogeita hamar bat ikastegi kudeatzen ditu eta liburutegian zeuden 5.000 liburu inguru birziklatzera bota zituzten 2019an eta horietatik 30 bat erre, Radio-Canada hedabideak egindako ikerketaren arabera. Eskola kontseiluko buruzagien iritziz, edukiak "ez zeuden eguneratuak eta ez ziren aproposak, Kanadako indigenen estereotipo negatiboak erakusten zituztelako". Eurek adierazi dutenez, "herri horiekin, lehen nazioarekin, adiskidetzeko ahaleginaren bidean beste urrats bat izan da".

Baztertutako tituluen zerrenda eta arrazoiak jasotzen dituen dokumentua lortu zuen komunikabide publikoak. Liburutegiko liburuen iragazketa eskola kontseiluaren esku egon zen eta indigena batzuk ere izan zituzten bidelagun. Batzordeak, besteak beste, "historiaren kontakizun okerrak, irudi arrazista eta diskriminatzaileak, sexualizazioa eta kultur praktikekiko begirunerik eza" topatu zituen liburu horietan. 'Indiar' eta 'eskimal' terminologia erabiltzen zutenak ere alde batera utzi zituzten, hitz horiek gutxiespentzat jotzen baitira. Kanporatu zituzten liburuen artean zeuden Asterix, Tintin eta Lucky Luck liburu ezagunak, eta baita entziklopedia eta haurrei zuzendutako eleberri eta ipuinak ere. 

Liburu gehienak birziklatzera bota zituzten baina batzuk erre egin zituzten. Radio-Canadak lortutako bideoan 2019ko zeremonia moduko bat agertzen da, non liburuak erre eta gero, errautsak zuhaitzak landatzeko ongarri gisa erabili zituzten, "negatiboa positibo bihurtzeko". Zeremonia horietako bakar bat egin dute oraingoz, 2019koa. Besteak pandemia zela-eta atzeratu zituzten.

Ontarioko Hezkuntza Ministerioak argi utzi nahi izan du liburutegietako obren hautaketa Eskola Kontseilu bakoitzaren ardura dela. Justin Trudeau Kanadako Lehen Ministroak, berriz, "maila pertsonalean liburuak erretzearekin ados ez dagoela" adierazi du, baina "ez-indigenek ez dietela indigenei esan behar nola sentitu behar duten edo nola jokatu behar duten adiskidetze prozesuan aurrera egin ahal izateko". 

Hezkuntza eta kultura munduko jendeak adierazpenak egin ditu gertaera honen harira, esate baterako Andre Noel idazle eta kazetari quebectarrak, duela hogei urte idatzi zuen Trafic chez les Hurons liburua baitago baztertuen artean. "Gehiegizkoa" iruditu zaio hartutako neurria eta kontu honek eztabaidatzea merezi duela uste du baina, era berean, jatorrizko komunitateek dituzten arazo larriagoei jarri behar zaiela arreta adierazi du, hala nola "erreserba batzuetan ur edangarria lortzeko dituzten zailtasunei edota lurraren inguruko aldarrikapenei". Aipatzekoa da deuseztatu zituzten zenbait lan indigenek idatzitakoak zirela. 

Auzi hau hauteskunde kanpaina federal bete-betean atera da argitara, eta herri indigenekin adiskidetzearen gaiak badu presentzia mitin zein alderdien plataformetan. Kontuan hartu behar da azken hilabeteetan markatu edo seinalatu gabeko 1.200 hilobi baino gehiago aurkitu dituztela ume indigenei zuzendutako garai bateko barnetegietako lurretan. Bertan egotera behartzen zituzten eta ume horietako asko ez ziren sekula euren komunitatera itzuli. Sexu abusuak, emozionalak eta fisikoak pairatu zituzten milaka haurrek eta, gainera, gaizki elikatu zituzten, euren hizkuntza hitz egiteagatik lotsarazi eta kolpatu, eta euren kultura, tradizio eta identitateari uko egitera behartu. 

Zalapartaren ondoren, atzerapausoa
Munduko hainbat hedabidek zabaldu dute albistea eta, egoera ikusita, jokamolde hau etetea erabaki du Providence eskolak. Eskola Kontseilu Katolikoak iragarri du indigenentzat kaltegarriak iruditzen zaizkien lanak erretiratzeko prozesua berrikusiko duela, eta bertan behera utziko duela liburuak erretzeko zeremonia. Ondorioz, oraindik ebaluatu beharreko edukia duten 200 liburu inguruk suntsipenari ihes egingo diote, oraingoz behintzat. "Benetan sentitzen dugu ekimen honen eragina eta iraingarria izatea komunitateko kide batzuentzat. Adiskidetze keinua izatea nahi genuen eta eragin negatiboa izan du. Oso serio hartzen dugu kontua eta dena martxan jarriko dugu berriro gerta ez dadin", azaldu du Lyne Cossette Providence Eskola Katolikoaren Kontseiluko bozeramaileak. 

BFMTV telebista frantziarreko Natasha Polony editorial-egileak honako adierazpen hau egin du gertaeren ondotik: "Liburu batek arazoak sortzen dituenean, horren inguruan pentsatu eta irakatsi egiten da. Liburuak erretzea pentsatzeari uztea da, nahiz eta kausa onengatik eta inorekiko maitasunagatik izan".