Astelehenean banatuko dituzte Max sariak Bilbon

Astelehenean banatuko dituzte Max sariak Bilbon Afrika Bibang, Jon Maia, Ane Pikaza, Bernardo Atxaga, Miren Gaztañaga eta Asier Etxeandia izango dira, besteak beste, Arriaga antzokian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/astelehenean-banatuko-dituzte-max-sariak-bilbon/@@download/image/mastodonte.jpg
2021/09/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Afrika Bibang, Jon Maia, Ane Pikaza, Bernardo Atxaga, Miren Gaztañaga eta Asier Etxeandia izango dira, besteak beste, Arriaga antzokian.
Astelehenean banatuko dituzte Max sariak Bilbon

Arte eszenikoen Max sarien XXIV. edizioa Bilbora itzuliko da hirugarren aldiz eta Calixto Bieto zuzendari artistikoak gidatuko du sari banaketa ekitaldia. Bietok adierazi duenez, "dotorea, liluragarria eta harrigarria" izango da edizio hau. 

Euskal Herriko hainbat sortzailek parte hartuko dute bertan, hala nola Bernardo Atxaga idazleak, Jon Maia bertsolariak, Jokin Oregi antzerkigileak, Ane Pikaza, Miren Gaztañaga, Olatz Ganboa eta Itziar Lazkano aktoreek, Igor Yebra dantzariak, Yougurinha Borovak, Adriana Bilbao flamenko dantzariak, Afrika Bibang musikariak eta Lasala konpainiak. Asier Etxeandia bilbotarrak emanaldia eskainiko du Mastodonte-ko taldekide duen Enrico Barbarorekin batera. 

Zuzeneko musika BilbaoSinfoniettaren eskutik izango da, Iker Sanchez Silvak zuzenduta, eta Bilboko Koral Elkarteko umeen abesbatzak ere hartuko du parte. Ausrine Stundyte lituaniar sopranoak ere eskainiko du bere talentua.

Sariak eta hautagaitzak
Diziplina horretako sarietarako izendatuen artean Euskal Herrikoak ere badira, noski. Markeliñeren Psike eta Deabru Beltzak taldearen Symfeuny lanek kaleko ikuskizun onenaren saria irabaz lezakete, eta Teatro Paraiso-ren Uniko ikuskizuna ume, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren atalean dago izendatuta. Demode Produkzioak konpainiaren Kutsidazu bidea Ixabel ikuskizuna ere hautagaia da musikal edo liriko onenaren sailean. 

Alfredo Sanzol nafar zuzendari eta antzerkigilearen El bar que tragó a todos los españoles komediak, berriz, bost izendapen ditu: antzezlan onena, egile onena, eszena zuzendaritza onena, gizonezko aktore onena eta espazio eszenikoaren diseinu onena. 

Era berean, María Goiricelaya egile onenaren sailean izango da finalista El patio de mi casa / Harri Orri Ar lanagatik. Lucia Lacarra  eta Iratxe Ansa dantzari gipuzkoarrak ere finalista izango dira Dantzako Emakumezko Interpretatzaile Onenaren sailean. Azkenik, Donostiako Teatro Estudio konpainiak Gizarte Arloko Max saria jasoko du

Ohorezko Max Saria Gemma Cuervo aktoreari emango diote, bere ibilbidea nabarmentzeko asmoz. Ikusleek ematen duten saria ere banatuko dute.