Astebururako hiru plan

1. Erdi Aroko Pintxoaren Astea, Hondarribian
Hondarribian pintxoez gozatzeko aukera berezia dute azken egunotan eta asteburu honetan amaituko da. Parte hartu duten ostalariek hainbat sari jasotzeko aukera dute, eta horietako bat herritarrek erabakitzen dute. Pintxoak dastatu, zigiluak eskatu eta botoa eman daiteke, herri epaimahaiaren saria erabakitzeko. Gainera, 50 euroko pintxo eta edari dastaketa zozkatuko da epaimahaian parte hartu dutenen artean.
2. Aiara Fest
Amurrion Aiara Fest egingo dute gaur eta bihar, eta talde ugariren musika entzuteko aukera izango da bertan. Gaur, Gorka Urbizu, Zea Mays, Sexy Zebras eta Nogen arituko dira besteak beste. Bihar, berriz, Gatibu, Zetak eta Marte Lasartek joko dute beste hainbatekin batera.
3. Jentilak, Diman
Jentilak ibiliko dira bihar, larunbata, Bizkaiko Dima herrian. Herria girotuko dute hainbat jarduerekin: ipuin mitologikoen antzezpenak, mendi ibilbide mitologikoak... Arratsaldeko 18:30ean hasiko da Baltzolan, eta 21:00ak aldera amaituko da Indusin. Ondoren, akelarrea eta txitxi-burduntzia izango da Indusin.