Asteburuan izango da Literaturia, Zarautzen

Asteburuan izango da Literaturia, Zarautzen Liburu azokaz gain, liburu aurkezpenak eta bestelako ekintzak ere izango dira jaialdian ostiraletik larunbatera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-izango-da-literaturia-zarautzen/@@download/image/KARTELA-SARERAKO-724x1024.jpg
2022/05/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Liburu azokaz gain, liburu aurkezpenak eta bestelako ekintzak ere izango dira jaialdian ostiraletik larunbatera.
Asteburuan izango da Literaturia, Zarautzen

Aurtengoan ohiko garaian itzuliko da Zarautzen egingo den Literaturia jaialdia eta ostiraletik igandera izango da martxan, Piztia. Aurkitzeko. Baretzeko. Pizteko lelopean. Lege Zaharraren plazan jarriko dituzte argitaletxe eta liburu-dendek erakusmahaiak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken urteetan baino parte-hartzaile gehiago izango dira. Azoka larunbat eguerdian irekiko dute, eta 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, goizez egongo da irekita, ordutegi berean. 

Azokaz gain, hainbat jarduera osagarri ere izango dira ostiralean hasita. Ana Malagonek manifestua irakurriko du iluntzeko zortzietan, Modelo aretoan, eta, jarraian, Istanbul ikuskizun literario-musikala izango da, Oier Guillan, Lutxo Egia, Pelax, Telmo Trenor eta Elena Ramirezen eskutik. 

Larunbatean, 11:00etan, umeentzako sormen lantegia egingo du Iñaki Martiarena Mattinek. Eguerdian, 12:30ean, Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasaren arteko mahai-ingurua izango da, Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? izenburupean. Azokaren irekiera ekitaldia eta Itxaropenari omenaldia ere izango da eguerdiko hamabietan. Arratsaldean, 18:00etan, Frankestein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Ana Galarragak eta Pettik. Larunbateko ekintzei amaiera emateko,  Ødeiren kontzertua izango da enparantzan, 22:00etan. 

Igande eguerdian Maialen Lujanbiok rr#5marrak ikuskizuna eskainiko du. Modelo Aretoan, berriz, pare bat mahai-inguru izango dira. Batetik, Literatura unibertsala. Ibilitatakotik ibiltzekora, Manu Lopez Gaseni, Angel Erro eta Irati Jimenezekin. Bestetik, Elkarrizketa baten soinua eta notak, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaizarekin. 

Emanaldietarako sarrerak internet bidez eskura daitezke Literaturiaren webgunean, eta leihatilan ere erosi ahalko dira, ekitaldia baino ordubete lehenago.

Liburu aurkezpenak azokan eta Garoan
Larunbat eguerdian, 11:30ean hasita, hainbat liburu aurkezpen izango dira Lege Zaharren enparantzan. Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez, Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena, Garazi Arrula, Asel Luzarraga eta Anjel Lertxundi izango dira eurek sortu edo itzulitako lanak aurkezten. Arratsaldean, beste idazle batzuen txanda izango da Garoan: Ekaitz Goikoetxea, Ane Labaka, Joxean Agirre eta Juan Luis Zabala.

Igande eguerdian ere euren azken obrez solasean arituko dira enparantzan Goiatz Labandibar, bitan, Iñaki Zapirain, Nerea Loiola eta Jon Aranguren, Santi Leone eta Lizar Begoña.