Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-7/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/04/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

ANTZEZ LAN BAT: Gure Zirkua

Iaz sekulako arrakasta lortu zuen Gure Zirkuak, sarrerak agortuta. Oraindik ikuskizuna ezagutzen ez duzuenontzat, bigarren aukera duzue! Oiartzun, Berriz eta Gasteiz izango dira Gure Zirkua ikuskizun ibiltariaren bigarren denboraldiko lehen hiru geltokiak. Oiartzunen maiatzaren 3tik 12ra egongo dira pailazo, trapezista zein malabaristak, Berrizen maiatzaren 17tik 26ra bitarte eta Gasteizen aldiz, maiatzaren 31tik 15era. Sarrerak dagoeneko eskuragarri dituzue!

GALTZEKO TXOKO BAT: San Pedro de Atxarre Baseliza

Aste Santuan inguruan gelditzea erabaki baduzue, eta eguraldiak aukera eskaintzen badu, hemen duzue goiz pasa eder bat igarotzeko moduko plana. San Pedro Atxarre baseliza Bizkaiko San Pedro Atxarre mendiaren gailurrean dagoen baseliza bat da. Hain zuzen ere, Ibarrangelu udalerriko Akorda auzoan kokatzen da. Bertako behatokitik Urdaibai paduraren ikuspegi ezinobeak daude. Adin eta baldintza fisiko guztientzako ibilaldi erraza eta polita; basoa zeharkatuko duzue ondo adierazitako bidetik, eta amaieran, sekulako bista panoramikoak topatuko dituzue. Bueltan gosea pizten bazaizue, ez utzi Marco Pollo jatetxea bisitatzeari!

APP BAT: StoryArt

Instagramen hurrengo mailara igotzeko prest? Zure storys-ak lau urteko ume baten modura egiteari utzi nahi badiozu, bada garaia laguntza profesionalei eskatzekoa. Storyart app-a gomendatzen dizut; diseinuetako batzuk ordainpekoak diren arren, asko ditu doakoak, eta oso dotoreak dira. Erabiltzen erraza da, eta emaitzak merezi du. Probatu!

LAGUNTZEKO ELKARTE BAT: Asociacion Adopta Navarra

Etxeko sendia zabaltzeko asmoa buruan? Laguntxoren bati bigarren aukera bat eman nahi? Asociacion Adopta Navarra elkartearen Facebookari begiratu bat ematea gomendatzen dizut. Bolondres talde batek kudeatutako gune honetan ia kartutxo guztiak erre dituzten txakur eta katuak topatuko dituzu; kontu handiz aukeratzen dituzte beren autagaiak, eta kasu larrienei ematen diete lehentasuna. Gainera, sakon ikertzen dituzte familia berriak, animaliek etxe on bat aurkituko dutela ziurtatuz. Adoptatzea gehiegi iruditzen bazaizu, elkarte honi laguntzeko beste bide batzuk ere badituzu, hala nola, aldi baterako etxe bilakatuz edota diruz lagunduz. Begitxo horiek eskertuko dizute!

TELESAIL BAT: What We Do in the Shadows

Taika Watiti eta Jemaine Clement gidoilariek 2014an estreinatu zuten What We Do in the Shadows film arrakastatsua. Dokumental faltsu baten moduan errodatutako komedia horretan, Zeelanda Berrian elkarrekin pisu batean bizi diren banpiroen istorioa kontatzen dute. Orain, FX kateak hamar kapituluko spin off-a estreinatu berri du HBOn. Umore absurdu eta lotsagabeaz gozatu nahi baduzu, ez galdu!