Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

PRIMIZIA BAT: ABENDUKO GAZTEZULO: BI AZAL, BI PROTAGONISTA
GAZTEZULOko erredakzioa berotu egin gara eta abendurako aldizkari berezia prestatu dugu; bi azal, bi protagonista, aldizkari bakarrean! Alde batean Izaro Andres topatuko duzue, eta bestean Pello Reparaz. Bi abeslariek beren lan berriak aurkezten dabiltza, eta heuren ibilidea errepasatu dugu; horrekin batera, erreportaje interesgarriak, elkarrizketak, komikia, gomendioak, lehiaketak... denetarik topatuko duzue! Noski, aurten ere Durango Azokan aurkituko gaituzue, Goinekale 41. postuan, eta adi, hau ez baita prestatu dugun sorpresa bakarra... Esan beharrik ez dago, harro gaude egindako lanaz!


TELESAIL BAT: 'THE CROWN'
Aurreko bi denboraldiez gozatu bazenu, adi, hirugarrena indartsu dator eta. Aktore aldaketa maisuki egin ondoren, unean Erresuma Batuan aurkitu daitezkeen aktore bikainenak aukeratu dituzte, tartean, Olivia Colman, Tobias Menzies eta Helena Boham Carter. Gehitu filmaketako irudi bikainak, trama kontatzeko gustu paregabea eta soinu banda gozoa... God Save The Queen!
ESTREINALDI BAT: 'PIKUAK'
Durangoko Azokan estreinatuko du Maddi Castro kazetari eta zuzendariak webserie berezi hau. Hiru emakume gazte protagonista hartuta, nahastu pornoarekiko hausnarketa txiki bat, umorea, sororitatea, euskal musika, whatsapp mezuak... eta hortxe Pikuak! Abenduak 18 Tabakaleran bigarren aurkezpena egingo dute, 2deon.
PROPOSAMEN BAT: 'GREEN FRIDAY'
Denok dakizuen moduan gaur Black Friday dugu, AEBetan sortutako deskontu itzelen egun beltza. Beltza, Amazon bezalako plataformak aberasten ditugun bitartean gure inguruko dendari txikiak txirotzen ditugulako, eta zer esanik ez dagoeneko kinka larrian dugun ingurugiro kaltetua. Benetan ari ote gara aurrezten halako egunetan erosten dugunean? Zer aurrezten ari ote gara benetan? Ez ote da hobe kontsumismo zoro hau gelditzea, eta soilik beharren arabera erostea? Green Friday mugimenduak kontsumitzaile aktiboak eta kontzientziatuak izatera animatzen gaitu, erosten dugunaren prezioaz gain, jatorria, kalitatea eta ingurugiroan eragiten duen talka kontuan hartuta. Animatuko gara?
ERREZETA BAT: CARROT CAKE edo AZENARIO BIZKOTXOA
Amaitzeko, asteburu euritsu honetan urdaila eta bihotza gozatzeko moduko postre bikain eta erraza proposatzen dizuet. Inoiz postrerik egin gabeak bazarete ere, lasai, benetan erraza baita! Hemen osagaien zerrenda:
BIZKOTXORAKO OSAGAIAK (2 lagun):
- Txikitutako azenarioak: 250g
- Intxaurrak: 30g
- Arrautzak: 2
- Azukrea: 125g
- Hirina: 70g
- Legamia: 10g
- Eguzkilore olioa: 25g
- Gatz apur bat
GOIKO KREMARAKO OSAGAIAK:
- Philadelphia gazta edo antzekoa
- Azukre-hautsa
- Esne apur bat
Hauxe da egin behar duzuena; nahastu txikitutako azenarioak eta txikitutako intxaurrak. Aldi berean, irabiatu arrautzak azukrearekin. Iragazi hirina eta legamia, eta batu arrautz eta azukre nahasketari. Ondo nahastu. Olioa gehitu, eta jarraitu nahasten. Azkenik, azenario eta intxaurrak gehitu eta nahastu ondo guztia.
Berotu labea 180 gradutan eta sartu nahasketa gure gustuko molde batean. Truku bat; molde azpian labeko papera jartzen baduzue ondoren errazago aterako da!. Labea bero dagoela, sartu moldea eta 40 minutu itxaron. Denbora igarota, sartu laban bat bizkotxoan, eginda dagoela egiaztatzeko. Eta listo, atera!
Goiko kremak ez du misteriorik; nahastu gazta azukre-hautsarekin; pixkanaka botatzen joan, gozo puntua hartu harte. Erabili esne apur bat krema fintzeko. Ondo nahastu eta bizkotxoa hoztean, jarri barra-barra gainetik. On egin!