Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

LIBURU BAT
Me llamo Ezequiel y así será siempre – Martxel Mariskal (2009)
Ale gutxi daude baina askok irakurri ahal izan dugu. Nirea eskuz-esku pasa da eta irakurritako guztiek berretsi didate bere sentsibilitatea eta hunkitzeko ahalmena. Bertan, pertsonaia gogoangarri eta hausnarketarako luzaz ematen duten esaldiak aurkituko dituzu. Baita hainbat eta hainbat liburu eta musika gomendio hitzen artean ezkutatuak. Arretaz eta lasaitasunez irakurri behar den horietakoa, mereziko du esfortzuak.
DISKO BAT
Grace – Jeff Buckley (1994)
Hain zuzen, Mariskalen liburuko gomendio horietako bat da disko hau eta berari esker deskubritu nuen. Maitasun berezia baldin badiot ere liburuarekin lotzen dudalako, diskoak bere horretan ere berdin-berdin hunkitzen du. Musikazaleon artean klasiko bat da. Buckley-en ahotsa emozio hutsa da eta berehala eraitsiko ditu zure defentsa guztiak.
TELESAIL BAT
Txoministak (Hiru Damatxo, 2016)
Umorea ardatz harturik Txoministak deituriko alderdi politiko baten jaiotza kontatuko digu web serieak. Txomin alderdiko liderrak entzun nahi duen orori aldarrikatuko dio Errioxa Euskal Herriko zortzigarren probintzia dela. 10 minutuko atal motzak dira eta denbora asko kentzen ez dutenez berehala harrapatzen zaituzte. Prestatu barrez abdominalak gogortzeko.
JOKO BAT
Monument valley (2014)
Mugikorretan Candy Crush jokoaz harago bada alternatibarik. Monument Valley jokoa ikusgarria da zinez, bertan zure kuriositatea eta logika piztuko duten ezinezko munduak azalduko zaizkizu. Erabilitako kolore leunak eta musika ederrak beste mundu baterako hegazkin txartelak dira. Magikoa.
KOMIKI BAT
Arrugas – Paco Roca (2007)
Narratiba grafikoak modu oso berezia du sentimenduak adierazteko eta horri zukua ateratzen abila dela erakutsi digu Roca komikigileak. Istorio hunkigarri honetan dementzia zantzuak pairatzen hasi den Emilio dugu protagonista. Horretaz ohartzean bere familiak zahar-etxe batean sartzen du eta bertan, Emilio, pairatzen duen gaixotasunaz jabetuko da. Orduan hasiko da protagonistak bere buruarekin jokatuko duen lehia. Samurtasun leunez erakusten digu alzheimerra bezalako gaixotasun gogorra. Ez galdu.