Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: UNBELIEVEABLE
Gauzak zeinen gaizki eta zeinen ondo egin daitezkeen erakusten duen Netflixen mini-telesail gogor eta beharrezkoa da hau. Emakumeek bortxaketa baten aurrean sufritzen dutena erakusten du, emakume horiek edozein adin, itxura eta motatakoak direlarik; aldi berean, eraso horren aurrean poliziak eta ikertzaileek eman ditzaketen pauso egokiak ala okerrak azaltzen ditu. Bortxaketak, zoriotxarrez sarritan, emakume erasotuen amesgaiztoaren hasiera besterik ez direlako...
INSTAGRAM KONTU BAT: THE CADUCEO
Sare sozialik erabilienean sekulako artistak topatu daitezke. Noizbehinka, ilustrazioaren harribitxi ederrekin topo egiteak poza sortzen du; postureotik harago, arteak espazio propioa topatu du hemen. The Caduceo milaka eta milaka adibideetako bat da; artista honek ilustrazioaren bidez osatzeko eta enpatizatzeko espazioa eraiki du bere kontuan. Ea gustuko duzuen.
PLAN BAT: OSATE KANPINA
Udazkena garai ederra da mendietara zein basoetara txangoan joateko; Iratiko basoa eder dago sasoi honetan. Otxagabian, Iratitik oso gertu, bada Osate izeneko kanpina; nire gogokoenetako bat da, besteak beste, txakurrak onartzen dituztelako :). Plan merke, osasuntsu eta eder baten bila bazabiltzate, hauxe duzue bat!
OSASUN GOMENDIO BAT: DILISTAK ARROZAREKIN
Dilistak edota bestelako lekaleak jateko sasioa dugu udazkena; babarrunak, txitxirioak... hotzaren iritsierarekin batera, ondo sartzen diren jaki bero eta osasuntsuak dira. Baina, niri behintzat digestioa astuna suertatzen zait halakoak jaten ditudanean. Zuek ere lekaleak jaterakoan ingurukoak uxatzen badituzue, hona truku bikain bat: dilistei arroza gehitu. Bene-benetan funtzionatzen du!
ANTI-GOMENDIO BAT: 13 REASONS WHY
Azkenik, telesail honen hirugarren denboraldia EZ IKUSTEKO gomendioa dakarkizuet. Benetan, ez ezazue zuen denbora preziatua galdu. Ia lehen kapitulutik sumatu nuen Netflixen telesail entzutetsu honen hirugarren denboraldia ez zela batere fina, baina burugogorkeriaz, amaieraraino iristea erabaki nuen. Zelako denbora galtzea; eta amaiera?! Txarragoa, ezin!