Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-23/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/09/06

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

DISKO BAT
Goldmund – Sometimes (2015)
Goldmund Keith Kenniff da eta Keith Keniff Goldmund da pianoagatik. Instrumentu eder hau baita disko honen protagonista. Pianoaren bueltan, melodiak hariak bailiran zetazkoa dirudien musika ederra ehuntzen joango dira, minutuz minutu tekla zapalketa bakoitzean, udazkenari begira epel mantenduko zaituen manta bat sortuz. Musika askotan aterpearen sinonimoa da eta disko hau horren adibide bikaina da.

ANIME BAT
One Punch Man (2015)
Z hirian gertatuko dira anime barregarri honetan suertatuko diren ekintza urriak. Barruti honetako biztanleen zoritxarrerako Z hirian azaltzen dira munstrorik gaiztoenak, guztiarekin amaitzeko prest. Ez dute ordea euren helburua betetzeko betarik ere izaten bertan bizi baita Saitama, superheroi ahaltsua. Bere gaitasuna etsaia ukabilkada batekin garaitzea da. Saitama ordea aspertuta dago horretaz eta bere maila berean dagoen munstro bat azaltzea da bere desira, lortuko ote du?

TELESAIL BAT
Mindhunter – David Fincher, Asif Kapadia, Tobias Lindholm, Andrew Douglas (2017)
Istorioa 1977an hasten da, David Berkowitz “Sam-en semea” atxilotzen duten urte berean (sei hilketa burutu zituen eta berak esan zuenez sekta baten eraginagatik izan zen). Telesaileko protagonista Holden Ford izango da, FBIko bahituen negoziatzaile bat. Ford geroz eta kezkatuagoa dago kriminalek dituzten jokabide irrazionalengatik. Negoziazio jakin bat gaizki amaitu ondoren Ford-ek bere nagusiari ziurtatzen dio eskuliburua jarraitu duela; orduan ohartzen da agian eskuliburu berri bat sortu beharra dagoela. Helburu horrekin serieko hiltzaile bortitzenak elkarrizketatzen hasiko da. Hiltzaileei buruzko dramak gustuko badituzu ez galdu hau, maisulana.

LIBURU BAT
Eta emakumeari sugeak esan zion – Lourde Oñederra (1999)
Teresaren barne-bidaia eta barne-gatazka ditu kontagai eleberriak. Barne-ezinegonak bidaia fisiko bat egitera bultzatzen du protagonista. W. hirian aspaldiko lagun eta maitale baten etxean hartzen dute ostatu bere senarrak eta berak, eta hiruko harreman hori ere kezka-iturri bihurtzen zaio Teresari. Nobela existentzialistatzat har dezakegu jorratzen dituen gaiengatik: denboraren igarotzeak sortutako larrimina, diskurtso sozialek eragindako zauriak eta inkomunikazioak eraikitako zuloak, beste askoren artean. Liburua argitaratu zenetik 20 urte pasa badira ere, barne gatazka horiek egun egunean daude eta merezi du irakurketa bat.

JOKO BAT
Sky: Children of the Light (2019)
Zeruko ume bezala ezagutzen diren haur bat izango zara joko honetan. Zure eginkizuna zazpi erreinuetan zehar esperantza banatzea eta konstelazioetatik eroritako izarrak beren zeruetara bueltatzea da. Bisualki oso zainduta dagoen jokoa da, paisaia eder bezain magikoak azaltzen direlarik bertan, eta gainera musika ederra du, eguneroko zereginetatik deskonektatuz momentu lasai bat igaro dezazun. Oraingoz iOS plataforman bakarrik aurkitu daiteke, baina Android-en laster eskura edukitzeko lanean dabiltza.