Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-19/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/07/26

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

DISKO BAT
The Eye of Every Storm - Neurosis (2004)
Lan honetan inoiz baino dentsoago azaltzen dira amerikarrak, inoiz baino atmosferikoago. Abesti luzeak dira, ohi dutenez, eta guztiak leherketa zirraragarri batez amaitzen dira, ekaitza pasa ostean geratzen den lasaitasun sentsazio horrekin utziz entzulea. Soinu gogorretara ohitua ez dagoenarentzat ez da disko erraza, bestela ere arreta eskatzen duen horietako baita, baina merezi du taldeak eskaintzen duen mundu epikoa noizean behin bisitatzea.

ANIME BAT
Gintama – Hideaki Sorachi (2003)
Istorioa Edo-n kokatzen da (egungo Tokion) eta amanto bezala ezagutzen diren estralurtarrek inbadituta daukate berau. Bertako samuraiek euren aurka borrokatu zuten eta gerra galdu ondoren Lurraren jabe bilakatu dira estralurtarrak, eta horregatik, samuraiei euren ezpata erabiltzea debekatu zaie. Istorioa gerran hartan parte hartu zuen Gintoki samuraian zentratuko da. Sinpachi eta Kagura lagun, bere egunerokotasuna ikusiko ahal izango dugu. Horrela esanda sinplea dirudi istorioak, baina hortik abiatuta umore asko, drama apur bat eta istorio zinez ederrak eskaintzen ditu. Epaitu aurretik aukera bat merezi duen horietakoa.

TELESAIL BAT
Fringe – J. J. Abrams, Alex Kurtzman, Roberto Orci (2008)
FBIko barruti berezi bat da Fringe. Bertan azaldu ezin diren eta egoera arraro edota berezietan gertatu diren delitu eta hilketak aztertzen dituzte. Barruti honek Walter deitutako zientzialari distiratsu bezain bitxi baten laguntza izango du. Hasieran The X-files telesailaren antza badu ere, istorioak aurrera egin ahala geroz eta korapilatsuagoa bihurtzen da trama, zientzia fikziozko telesail interesgarri bati lekua utziz. Oporretan ikusteko ezin hobea. Hori bai, kontuz, mendekotasuna sortzen du eta!

LIBURU BAT
Durduzaz eta Dardaraz - Amélie Nothomb (1999)
Belgikar idazlearen eleberri autobiografikoa da. Bertan Japonian bizi izan zituen lan gorabeherak kontatzen ditu. Irakurterraza da darion bizitasunagatik, umore ironikoagatik eta edozein sentitu litekeelako identifikatua bertan azaltzen diren egoera ezberdinetakoren batekin. Horrez gain, ekialdeko eta mendebaldeko kulturen talka ere islatzen du Japoniar gizartearen matxismoa agerian utziz. Hori gutxi balitz, Nothomb-ez euskaraz gozatzeko aukera dago Joxan Elosegiri esker, berak euskaratu baitzuen eta Igela argitaletxeak argitaratu 2003an. Ez duzu aitzakiarik.

ARGAZKILARI BAT
Jon Cazenave http://joncazenave.com/photography
Argazkilari bihurtutako bankari ohia da Jon Cazenave donostiarra. Argazkien bidez bizi den gizartea eta lurraldea ulertu nahi ditu, zuri beltzeko argazki indartsuetan bere burua kokatuz. Hainbat proiektu interesgarri burutu ditu eta horien artean Ama Lur deitutako argazki liburua dago. Bertan erraietatik sortutako irudiak behatu daitezke, gure lurraldearen mitologia gogorarazten duen errealismo magiko baten testuinguruan. Aipamen berezia edizio fisiko ezin ederragoari.