Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-11/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/05/17

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

PLAN BAT: Museosen Nazioarteko Eguna

Larunbat honetan, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, urtero legez. Aukera ezin hobea duzue denbora falta edo nagitasungatik etengabe atzeratutako bisita hori antolatzeko. Euskal Herriko museo gehieneko doako sarrera eskainiko dute, eta bisita gidatu bereziak zein bestelako ekimenak antolatu dituzte. Gainera, dirudienez eguraldi kaxkarra egingo du, beraz, oraingoan aitzakiarik ez!

ABESLARI BAT: Michael Kiwanuka

Ugandar jatorriko musikari britainiar honen izena beharbada ez zaizu ezaguna egingo, baina ziur bere abestiren bat entzun duzula. Besteak beste, Big Little Lies telesail entzutetsuaren soinu bandaren egilea da, eta bere kantuek iragarkiren bat ere edertu dute. Bere ahots bikainak eta bere musikaren estilo nahasketa dotoreak lehen unetik harrapatuko zaitu, bidaia batean murgiltzeko. Onena? Euskal Herrian zuzenean ikusteko aukera bikaina izango dugu azaroan, Bilbon urtero egiten den BIME musika jaialdian.

ERREZETA BAT: Guacamole (jatorrizko errezeta!)

Mundu guztiak daki guacamole saltsa mexikarra egiten, ezta? Erraza eta azkar egitekoa, ez du misterio handirik... baina zuetako zenbati ateratzen zaio guacamole bikaina, platera zibizkatzerainoko hori? Jarraian, guacamole perfektua egiteko hainbat gomendio: 

  1. 3 ahuakate heldu (hiruek heldutasun puntu bera)
  2. Tomate fresko 1
  3. 1/2 tipulin 
  4. Mexikarrek txile serranoa gehitzen diote (hautazkoa; cayenak ere balio du)
  5.  Lima 1
  6. Martorria
  7. Gatza

Lehenik, ireki ahuakateak, haragi guztia atera eta mortailu batera bota. Jarraian, lima zuku pixkat bota, oxidatu ez dadin. Txikitu zurmailuaz edota sardeskaz. Hobe eskuz xehetzen badituzue, hobeto geldituko zaizue eta gutxiago oxidatuko da. Jarraian, tomateari azala kendu, lauki txikitan moztu, ura eta haziak kendu eta gehitu ahuakateari, tipulin xehetuarekin batera. Pikante puntu bat gogoko duzuentontzat, gehitu txile edo cayena apurtxo bat. Martorriaren txanda da; txikitu fin eta gehitu gustuen arabera. Martorria gustatzen ez zaizuentontzat; hosto horiek gehitu gabe ez zaudete guacamolea jaten ari! Azkenik, bota gainontzeko lima zukua eta gatza. Ondo nahastu eta gogoratu, azkar jan oxidatu ez dadin. On egin!

LIBURU BAT: The Dark Elf

George R. Martinen Game Of Thrones sagarekin zoratu zaretenok hutsune handia nabarituko duzue aurki... bada jakin Martin ez dela genero fantastikoa landu duen idazle bakarra. Eta bai, Tolkienen munduaz harago badira antzeko gaiak landu dituzten idazleak; Robert Anthony Salvatore estatubarraren The Dark Elf trilogiaz ari naiz. Idazle honek Star Wars sagaren sorkuntzan parte hartu du besteak beste, eta 90ko hamarkadan Drizzt Do'Urden pertsonaiaren abenturak idatzi zituen. Generoaren maitaleak bazarete, benetan, ez galdu liburu bikain eta ez horren ezagun hauek irakurtzeko aukera!

FILM BAT: Antoher Day Of Life

Iazko Donostia Zinemaldian Publikoaren Saria jaso zuen maisu lan honek Ryszard Kapuściński kazetari poloniarraren istorioa kontatzen du animazio-dokumental hibrido honekin. Duela gutxi lasaitasunez ikusteko aukera izan dut, eta erabat hunkitu nau film honen atzean dagoen lan fin eta sakonak. Historia, Angola, kazetaritza, inperialismoa, komunismoa, Errusia, AEBak, Kuba, feminismoa, gerra, heriotza, Afrika... dena, Kapuścińskiren begietatik. Sekulako lan borobila. Movistar + plataforman ikusgarri duzue.