Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Atal berri bat estreinatu genuen pasa den astean; ostiralero, asteburuan zehar ikusi, entzun, jolastu edota irakurtzeko proposamenak luzatuko dizkizugu! Aste honetakoak honakoak: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-1/@@download/image/e8d4552f-f2d7-4bb4-b6cf-6312e186d9ec.jpeg
2019/03/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Atal berri bat estreinatu genuen pasa den astean; ostiralero, asteburuan zehar ikusi, entzun, jolastu edota irakurtzeko proposamenak luzatuko dizkizugu! Aste honetakoak honakoak:
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

1- TELESAIL BAT

'RUSSIAN DOLL'

Groundog Day film mitikoaren estruktura narratiboa, Black Mirror telesailaren estetika, komedia erromantikoetan azaltzen diren pertsonaia motak eta umore beltz tanta batzuk, irabiagailu batean sartuz gero, konbinaketaren emaitza: Netflix-en Russian Doll telesaila. Protagonista nagusia, Nadia Vulvokov, ekoizpenak irauten dituen zazpi ataletan zehar, behin eta berriro hilko den pertsonaia xelebrea, barregarria eta une batzuetan baita gorrotagarria ere. 

2- pelikula bat

'estiu 1993'


Ahozabalik uzteko moduko lana egin duen Laia Artigas hasiberriak, Frida izeneko pertsonaia gorpuzten du. Orain dela urte batzuk bere aita eraman zuen birus berberak –ez da zehazten, baina nabarmena da zein birus den–, oraingoan amaren bizitza ere betiko itzali du. Abiapuntu horretatik, Carla Simonen kamera Fridaren ikuspuntuan kokatzen da eta hortik aurrera etorriko zaion bizitzaren testigu bilakatzen gaitu hasieratik. Bertan egongo bagina bezala sentituko ditugu ezkutuko elkarrizketak, egunsentiko purrustadak, ulermen keinuak, arbuioak edo haur-parkean gertatzen den sekuentzia ahaztezin bat. Filma ohikoa ez den sentikortasun maila batetik igarotzen da etengabe, larritasuna, barrea eta negarra eszena desberdinetan banatuz. Haurtzaro gogor horren erradiografia hori egiteko, gainera, ez da inongo momentuan sentimentalismo errazean erortzen. Zinemaren hizkuntzak eskaintzen dituen erreminta guztiak modu sotil eta oso eraginkorrean erabiltzen baititu. Planoen egitura perfektu batekin jolastuz eta Victor Erice handiaren pintzelkadak dituen argiztapen naturala erabiliz, momentu batzuetan Frida garela sentituko dugu, baina besteetan aldiz, bere familia berria. Ama, aita, ahizpa txiki ahaztezin hori. Ez dago manikeismoetarako tokirik, tragedia batetik loratu den eta giza-erlazioek eskain diezaguketen konplexutasun horretarako ordea bai.

3- antzezlan bat

'MACBETH'


Bilboko Arriaga Antzokian ikusteko aukera izan nuen, biziki gomendatzen dizudan antzezlan berezi hau. Alex Gerediagak zuzendu du Shakespeareren klasikoa, eta Jon Gerediagak moldatu du euskarara. Gerediagak "bere egin" eta "modernizatu" egin du, konbinaketa harrigarri eta bikain bat lortuz. Hamabi aktore bildu ditu obrak: Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxebarria, Sandra Fernandez, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urzelai. Losadak egingo du Macbethena, eta Gaztañagak Lady Macbethena. Tarantinoren ukituak dituen moldaketa honi gainera Belakok jarriko dio musika . Mungiar taldearen abestiek soinu euskarria eman diote antzezlanari hasieratik amaierara, une batzuetan lehen planoan, beste batzuetan atmosfera gisa eta une oro elementu garrantzitsu moduan. Ez galdu!

4- ABESTI BAT

max ritcher: on the nature of daylight 

5- liburu bat

'feminismoa denon kontua da. politika pasio'

Hitzaurrea: Mari Luz Esteban


Maitane Legarreta kolaboratzaileak martxoko GAZTEZULOn gomendatu zuen liburua aipatu nahiko nuke. "Bell Hooks idazle irakasle eta aktibista sozialak Ipar Ameriketako mugimendu feminista aztertu zuen, hainbat alorretan fokua jarrita: gorputza, lana eta familia, sexu askatasuna, soldata parekidetasuna, indarkeria, arraza, klasea eta abar. Feminismo erradikalera lerratzen du bere burua, patriarkatu kapitalista deuseztatu eta egiteko eta izateko beste modu batzuk bilatzeko bide bakartzat baitu. Argi utzi nahi izan du feminismoak emakume, gizon zein umeak askatuko gaituela, denontzat dela onuragarria. Liburu hau irakurtzea abiapuntu ona da asktasunerako bidean."