Asteburu honetan, XIV. Iparraldeko Haizeak jaialdia Lekeition

Asteburu honetan, XIV. Iparraldeko Haizeak jaialdia Lekeition https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburu-honetan-xiv-iparraldeko-haizeak-jaialdia-lekeition/@@download/image/iparraldeko_hai_1399964120.jpg
2014/05/13
berria
Lekeitioko Aittitta Txiki elkartearen ekimenez, Iparraldeko Haizeak jaialdiak hartuko du asteburuan Lekeitio. Ostiralean Miren Amuriza, Amets Arzallus, Jon Maia eta Sustrai Colina, besteak beste, ariko dira bertsotan Ikusgarri zineman, eta larunbatean Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka jarriko dute plazan.


Badira hamalau urte Lekeitioko Aittitta Txiki elkarteak Ipar Euskal Herriaren zati txiki bat Bizkaiko kostaldera ekarri asmoz, Iparraldeko Haizeak jaialdia aurrenekoz antolatu zuenetik. Urteak aurrera, musikaz, janari dastagarriz, bertsoz eta artisautza produktuz jantzitako ekimenak indarra hartu du, eta aurten ere, haur, gazte nahiz helduei zuzendutako ekintza zerrenda luzea programatu dute.

Egunez egun
Jaialdia ostiral goizean abiatuko dute, aurkezpen ekitaldiaren ostean, euskarari buruzko hitzaldia eskainiko baitute 10:30ean Azkue aretoan. 12:30ean bazkaria egingo dute Gaztegunean, eta 13:00etatik 15:00etara kamisetak egiteko aukera izango da IXI Boardsen eskutik. Egunari amaiera emateko, Bertso Saio borobila prestatu dute 22:30etatik aurrera Ikusgarri zineman; Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Miren Amuriza, Jon Maia eta Xabat Galletebeitia ariko dira bertsotan.

Larunbat goizean Ipar eta Hego Euskal Herriko produktuen azoka jarriko dute plazan 14:00ak bitarte, eta arratsaldean Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeek emanaldia eskainiko dute 19:00etan. Gauean Nabil eta Xutik taldeen kontzertuak izango dira Konpainiako elizaren aurrean.

Eta jaialdiko azken egunean kuadrillen arteko Gisau Txapelketak egingo dute goizean. Eguerdian emaitzak aurkeztu eta dastatzeko aukera izango da, eta bazkariaren ostean, arratsaldeko 18:00etan, irabazleak nortzuk diren argituko dute Tinbaleruen animazioarekin. Animatu!